Kattalin-xume mutxurdin
Etcheberri, Agustin
1
fende hainitzek ez dut uste dakiten
Bakean hantxe bera bizi denaren
Gozoa zer den;
Beraz on da guziek, bi hitzez hemen
Ikas dezaten
Kattalin-xume xoilki nola bizi den.
2
Etxe ttiki beltx eta xahar batean,
Sortuz geroztik han da, leku berean.
Nere ustean;
Ixil-ixila beti bere lanean,
Gogo onean...
Kattalin-xume han da bizi bakean.
3
Ez da hanbat ederra haren etxea
Bainan kitto-kittoa, zorrik gabea,
Bere berea.
Nola ez baitu maite hiri-artea,
Ez jende-pea,
Hartakotz hautatu du han bizitzea.
4
Kattalin-xumez dira asko trufatzen
Bere xokoan beti bakarrik zeren
Hola bizi den.
Bertzen irriez ez da hanbat kexatzen,
Zoroek ezen
Ezagutzen eztute bakea zer den.
Hainitzek behar dute bizi munduan,
Lanean lehertuak, beti kanpoan,
Landen kaskoan.
Aldiz Kattalin-xume leku goxoan
Dago pausuan,
Iruten xurra-xurra sukal-xokoan.
5
Eriz gelditzen bada bere lanetik,
Kattalin-xumek badu irabazitik
Salda onetik:
Arno hurrupaño bat haren ondotik,
Hoberenetik!
Medikuak sos guti haren etxetik.
6
Haren etxean ez da deusen eskasik.
Xuhurra izan baita ttiki-ttikitik
Zuzen bidetik.
Kutxa guziak dauzka linjaz beterik
Oihal onetik,
Ez du bertze batzuen inbidiarik.
7
Zenbat nigar ez dago nekearekin,
Gazterik familian sartzearekin,
Beren haurrekin!
Zerbait ezaguturik dago Kattalin
(Hain on du berdin)
Urusago bizi da beti mutxurdin!