Marokarat abian
Etxamendy, Jean
1
Primaderako goiz, ederretan arbolarik gorenian,
Chori ttipia kantari pollit alegera dagonian,
Bainan lur huntan nehor ez baita egoiten zorionian,
Atseginian ezin egonez, jartzen da atsegabian,
Partikulazki negu borthiza ethortzen zerakonian.
2
Chorigno hortan nik ere egun hartu behaut etsemplia,
Ditudan azken memento onez orai nadien balia:
Hogoi urthetan ethorri zerait chorigno haren negia,
Bizi naizeno naski engoitik, gozatzeko enegia;
Esplikatuko dauzet dener zer kasuz dutan dolia.
3
Egungo pertsu andana, huni trichterik noa kantari,
Ihardoki nahiz bortchaz beden deraukatan trenpuari;
Humiliatu behar izan dut ukan dutan galdeari,
Tolos'alde hau kitatzen baitut Ťadiosť eskual-herriari,
Bai-eta ber-denboran agurra, urrunetik Afrikari.
4
Bate pensatzen ez nuelarik, arrapatu nau galdeak,
Bai eta arras poroatu-re Marrokaraino juaiteak.
Ja bihotzetik, elkitzen zaizkit dolumin ilhun dorpeak
Kitatu behar ditudalakotz nere burhaso maiteak,
Sor leku charmegarri pollita bai eta adichkideak.
5
Gazte lagunak izendatzeko aise zaituztet sobera;
Bainan halere gogoz bederen bilduko gira batera,
Bakar alditan zuekilan naiz ibilia alegera
Ta orai aldiz johan behar dut bai beste mundu batera.
Ezin bestian igortzen ditut dener goraintzi bedera.
6
Alegrantzian pasatu ditut egunak haurtasunean,
Bai zorionik handienean, nere ait-amen aldean;
Mutilgoako ofizion, nausi on baten menean...
Denbora gocho orhoitgarri hek jaun othe zaizkit airean?
Goiz distirant baten ondotik naiz, eguberdi goibelean.
7
Bakezko erridau ederrari urratu zeraizko mailak,
Iphar-Afrikan jali baitira nahasmendu-ta gasailak.
Hola segituz ikus ditazke lerrokatuak batailak;
Nahiz ez diren ez han izanen segur gure abantailak
Ttipiek bethi segitu behar, handiek manatu sailak.
8
Bihotz trichteak bethi baituke nunbait zerbait arrangura,
Nik ere ditut usu begiak itzuliko sor-lekura,
Ez uste ukan berritz kustea, dela neretzat mentura,
Hartzerat noan sailaz fida naiz segur heltzea burura:
Nundik-nahitik Jinko Jaun hunak tira gaitzala zerura!
9
Azken pertsuan, azken oihua, gaicho eskual-herriari!
Horgo egunak, horgo lagunak, izanen tut orhoitgarri.
Halako dolu batekin nago so denbora johanari:
ŤAdios, Aita, izan untsa, ta goraintzi zuri, Amari
Gomendatzen dut neure burua zeruko Ama onari.