Bertso berriak, nintzen korriklariari jarriak
Esnal, Pello
Barre egin nahi duenak
adi beza adi:
ni ere izana naiz
korrikalari.
Gorputzez baldar samar
eta zangoz nagi,
ez nauzu garindarra,
Pello edo Juan Mari.
Baina, zer ixtori!,
ez al dago ongi
zenbait zilbor lodi
dantzan jartze hori?
Kontatuko dizuet
bertso kantari.
Maratoiaren moda
etorri zen eta
denok bihurtu ginen
erdi atleta.
Nik ere harrapatu
bait nuen kasketa,
han hasi nintzen footing
egiten herrenka.
Ez bada errenta
motorra erreta
dagoen Lambreta
baten konpoketa,
sasoiko nengoen ni
ajez beteta!
Footing-ean jo ta ke,
buru ta belarri,
egin nuen hamaika
joan-etorri.
Hasiera batean
estu eta larri,
azkenerako nintzen
oilar samar jarri:
«Zer Iruntxiberri
eta zer Pakirri,
onena heorri,
eutsi sasoi horri!
Zergatik ez herriko
jaietan korri?».
Halakoren bat
heldu zen,
parranda haundi baten
biharamuna.
Diana entzun eta,
hura garizuma!
nahi orduko ez nuen
topatu komuna
Buruan lurruna,
hanketan beruna,
soinean iluna
txandal marraduna...
Kalera irten nintzen
gizon txukuna!
Ez linimento Sloan
eta ez jarabe
han nintzen irteeran
gosaldu gabe.
Tiroa entzun eta,
«altza porru, dale!»,
hura zen korritzea
tximistaren pare.
Haseiran aire,
harro kalez kale,
berehala bare,
erruki eskale.
Azkarrago ibiltzen da
zenbait txitxare.
Korrikari ekin nion
martxa airosoan,
hala segitzekotan
bide osoan.
Kontuak hasi ziren
bigarren pausoan,
flakiak harrapatu
ninduen lazoan
Begiak lausoan,
indarrak auzoan,
bares erasoan
zilbor erosoan...
dortsala bera ere
enbarazoan.
Errukari nindoan
herrian barrena,
garraiatu ezinik
tripa-barrena.
Entzun ere entzun nuen:
«hau astakirtena,
hildakoa zirudik
zulotik irtena».
Hain zen nabarmena
zangoen herrena
hanka bat aurrena,
gero bigarrena,
zuzenago ibiltzen da
kostako trena.
Izerditan botata
hiruzpalau litro,
pentsatzen jarri nintzen
ni neurekiko:
«Aurretik dituk denok,
neska eta mutiko,
atzetik gehienez bi,
Mertxe eta Juanito.
Laster haiz, txikito,
estul ta gonbito
Zertarako ito?
Uztak eta kito.
Nola izan hindekek
hain txoropito?
Kilometro dexente
dira hogeitabost,
etxe parera heltzeko
egin behar bost.
Han amak esan zidan
«nekatua zatoz»,
emazteak «animo»,
txalo eta zahatoz.
Baina ni indar motz,
planto erronka joz:
«Zer aupa eta hots,
zer otxo kuartos!
Nahiko korrika egin
diagu gaurkoz».
Egiq aitortzea
gauza derrigorra:
ez naiz aeroplanua,
ez naiz Concord-a.
Behin aterako eta
sententzi gogorra:
txukunago ibiltzen
omen da mozkorra.
Baina ez izorra,
mekasuen la txorra,
nahi duenak horra
non duen rekord-a.
Ontzeko ez du behar
oso bizkorra.
|