Apeztegiko Bordatik
Ernaizu
Nere borda ondoan daude,
Zugaitzak eta arkaitzak;
Oituak bai igarotzea,
Denbora onak ta latzak;
Jotzen ditunean orruka,
Negu beltzeko ekaitzak;
Eraman bearra dauka,
Bere suertia bakoitzak.
Pixtiak eta egazti gaiztoak
Ikusten ditut sarritan;
Ikara aundia jartzen,
Nere artegiko arditan;
Paketsu bizi diranak,
Biztanle aundiko erritan;
Ez dira sarri arkituko,
Onelako alderditan.
Naigabeak eta ezbearrak,
Nun nai dira arkitzen;
Ludiko naspilla ikusita,
Ez naiz batere arritzen;
Geituz jarraituko dute,
Ez dira joango gutxitzen;
Gizadia ez baldin bada,
Jaungoikoagana itzultzen.
Nai dute gizonak billatu,
Gizartearen sendakaya;
Denak eramateko ludian,
Bizimodu bat alaya;
Baņo ez dute beteko,
Beren biotzeko naya;
Ez badute maite benaz,
Bakoitzak bere anaya.
Maitetasun egiazko ori,
Bear du Goitik etorri;
Ortarako gure begiak,
Gora begira jarri;
Sendakai au benetan,
Ez badute artzen sarri;
Oraindaņo bezela beti,
Ibilliko dira elbarri.
Ludiko ekaitzak bada,
Bear ditugu eraman;
Sendagille batek bezela,
Ara nik "errezeta" eman;
Itxaropena jartzen badezu,
Egiaz Jaungoikoagan;
Berak emanen du grazia,
Bear degun garayan.
|