Stress-a
Enbeita, Jon
Zorioneko stresa,
zentzunik gabeko presa,
zorabioan darabilena
mundu aldrebesa.
Aitzaki denen babesa
Loretzen ez den amesa
Danera heldu nahi dugu baina
ez da hain erreza
Norgehiagokaren grina,
moda berriko dotrina
Lasterketa bat dugu guztia,
zeinek hartu gaina.
Alperriko ahalegina,
hor ez dago atsegina.
Bakoitzak neurtzen jakin behar du
beretzako haina
Teknologiak aurrera
amai gabeko karrera,
urte gutxitan dugu hegotik
igo iparrera
Jartzen ez bada barrera
gerta daiteke galera,
gizatasunak igo ezean
beragaz batera
Zientzien aurrerapena
dugu egi nabarmena,
baina astirik ba ote dugu
ausnartzeko dena.
Senetik erdi irtena
dakusgu jende gehiena
Bizia ala agonia da
luzatzen gaudena?
Estura eta larria
estresaren uztarria,
botikarekin sendatzen ez den
minbizi barria.
Garaitzan dugu jarria
pozerako oinarria
eta ahaztu zaigu nola sortzen den
egizko irria
Garai bateko patxada
bihurtu zaigu algara.
Zelaira lasai begiratzeko
kapazak al gara?
Robot batzuen gisara,
korrika hemendik hara;
baina zertako, guztia berton
utzi behar bada?
Ezin da han eta hemen
Ez dugu hainbeste ahalmen
Nohizbeinka on da gelditu eta
hartzea atseden
Ikusi zertako gauden
Gure helburua non den
Berreskuratu daigun bizitza
Berandu baino lehen