Uriona'ri
Enbeita, Balentin
Izen bardiñaz giñan Balentin
Muxikan bataiatuak,
Naiz ta urtien aldia euki
Maitasun baten lutuak.
Uste bagako zure eriotzak
Jarri gaitu banatuak
Ez dira errez zuriz jantziko
Itxi dituzun lutuak.
Txirrindulari aundia ziñan
Mundu zear ezaguna.
Pil pilka, goian ebillenian
Balentin zure izena
Orra gazterik nun eldu yatzun
Egitekoen azkena
Baña erriak ez dau aztuko
Bizitzan egin dozuna.
Dauphine Liberé, Milan, San Remon
Garaille urten zenduan.
Tafalla eta Solluben bardin
Txapeldun danen onduan,
Txirrindulari eta gizon lez
Aundia ziñan munduan,
Erriak olan autortuten dau
Eriotzako orduan.
Toki danetan agertzen zendun
Euskaldun biotz zabala.
Egikeretan aundia baña
Izatez oso apala.
Zeure zanetan beti ebillen
Gorroto bako odola,
Kirolarientzat zu izan zara
Egi bidezko arbola.
Gaztearentzat eredugarri
Pozgarri zarrarentzako.
Txikitxutatik beti zentzundun
Agertu zarealako.
Zure antzeko gazte sendoak
Bear dira errientzako
Injustizia baztertu eta
Kontzientziz agintzeko.
Maite zenduzan jaiotza lurra
Bere izkuntza, oiturak
Bildurrik baga autortuaz
Berak ditun gora berak.
Gaur gazte askok baldin balitu
Balentin, zure jokerak
Zenbat obeto izango leuke
Elbarri dagon Euskerak...
Euskaldun jaio, euskaldun azi
Euskotar jator bizitza.
Gizontasunez aundia ziñan
Oituretan aberatsa.
Irribarrezko aurpegi xamur
Urregorrizko biotza,
Erri osoak lutuz artu dau
Balentin, zure eriotza.