Tximinipeko auspo zaharrari
Enbeita, Balendin
Ezkaratzeko tximinipeko
Auspo zaharraren kasua,
Bizi guztian beteko zuen
Ondo bere arazua,
Naizta egurrez betea egun
Zuen inguru osua
Auspo zaharraren laguntza bage
Nekez bizkortzen da sua.
Amona zaharrak hartuko zuen
Aurrekoaren erentziz
Amonak berdin jarraituko du
Ondorengoari utziz,
Eta auspoa denaren lagun
Bere putzaren irrintziz
Hainbat alditan sua piztua
Esku askoren igurtziz.
Iltze zaharretik zintzilik dago
Tximiniaren erdian
Bere beharra daukanan adi
Beti gertu sukaldean,
Oinik oinera, eskutik esku
benak dabile aidian
Lanen ordainik bage bizi da
Ernai suaren guardian.