Nere gorputza dar darka daukat
Enbeita, Balendin
I
Nere gorputza dar darka daukat
Eta biotza kantari.
Niretzat beintzat gaur Arantzazuk
Zeru txiki bat dirudi.
Bizkai, Gipuzko, Araba, Napar,
Zubero ta Lapurdi,
Gaur Arantzazun besarkaturik
Berba emonaz alkarri,
Erabagia artuten dabe
Laguntzeko euskerari,
Arantzazuko Ama jarten dabela
Batzar onen zaindari.
Eskerrak emon bear deutsaguz
Batzar au ein dabenari.
Euren alde eskatu deiogun
Arantzazuko Amari.
II
Arantzazuko Ama irri barreka
Dago arantza gaiņetik
Au batzar zoragarria
Arantzazun ikusirik.
Bere biotza gurekin dago
Maitasun garrez beterik.
Euskera maite izan daigula
Ezdau agintzen besterik.
Gaur egunian maitasun ori
Ia dakusta galdurik.
Zer jazoten dan itandu eta
Ezdago erantzunik.
Danok eskuak garbitzen doguz
Iņok ezdauko errurik,
Onexek dauka gure Euskera
Burua jaso eziņik.
III
Euskalerriko mendi ta zelai,
Uri ta baserriak,
Ibai, erreka, iturritxuak,
Lora ta lilitegiak.
Euskeriaren babez gozoan
Bizi zirian erriak
Zaindurik bere oitura garbi
Eta egizko legiak.
Galdu gordian ikusten doguz
Bere edertasun guztiak.
Jazoera onen errudun gara
Euskaldun erdelzaliak.
IV
Euskalduna naz entzun nai dogu
Eta gaņera arrokeriz
Esaten dogu euskalduna naz
Izkuntzaz eta jatorriz,
Asko oi dira ospia edo
Aundi izateko egarriz,
Ama Euskera begi ta biotz
Negar malkozko iturriz.
Zapiok kendu ta jagi gaitezan
Euskeraren alde egiz
Eta maitatu Ama Euskera
Egizko maitasun garbiz.
V
Ezdot esaten erdera ere
Biar dogula baztertu.
Erderia be beste izkuntzak lez
Bardin goratuten dogu.
Erderaz ondo ikasi, baņa...
Euskeriagaz ez aztu.
Euskalerririk ezdagoalako
Euskera galtzen badogu.
Besten gauzari bakian itxi
Norberarena ondo zaindu.
Euskalerria ezda galduko
Olan egiten budogu.
VI
Emakumia mundu guztian
Dabil modiai begira,
Nundi edo andi elduko jaku
Media dagoan lekura,
Jantziko jaku naiz da nabarmen
Izan modien jaskera.
Barre egin arren bere itxurai
Bape ezdautsa ardura.
Emakumetan sartuko balitz
Gure izkuntza modara,
Mundu guztiak egingo leuke
Aunditasunez euskera.
VII
Itxi daiguzan geure arteko
Eztabaidak ziero,
Alkartu gaitezan euskaldun danok
Anaitasunez maitero.
Euskerak galdu daben indarra
Zigur, astiro, astiro
Irabaziko maitasun garbiz
Guztiok lan ein ezkero.
Ezda indarrik maitasunaren
Indarra menperatzeko,
Guk be euskera maite badogu
Ezda sekula galduko.
Itxartu ta jagi gaitezan
Belutu baņo lenago.