Gora euskera
Enbeita, Balendin
I
Nire gorputza dar, darka daukat
Eta biotza kantari.
Niretzat beintzat gaur Arantzazuk
Zeru txiki bat dirudi.
Bizkai, Gipuzko, Araba, Napar,
Zubero eta Lapurdi,
Gaur Arantzazun besarkaturik,
Berba amonaz alkarri,
Erabagia artuten dabe
Laguntzeko eukerari,
Arantzazuko Ama jarten dabela
Batzar onen zaindari.
Eskerrak emon bear deutseguz
Batzar au ein dabeneri.
Euren alde eskatu deiogun
Arantzazuko Amari.
II
Arantzazuko Ama irri barreka
Dago arantza gaiņetik,
Au batzar guztiz zoragarria
Arantzazun ikusirik.
Bere biotza gurekin dago,
Maitasun garrez beterik.
Euskera maite izan daigula
Ez dau agintzen besterik.
Gaur egunian maitasun ori
Ia dakusta galdurik.
Zer jazoten dan itandu, eta
Ez dago erantzupenik.
Danok eskuak garbitzen doguz,
Iņok ez dauko errurik:
Onexek dauka gure Euskera
Burua jaso eziņik.
III
Euskalerriko mendi ta zelai,
Uri eta baserriak,
Ibai, erreka, iturritxuak,
Lora ta lilitegiak:
Euskeriaren babes gozoan
Bizi zirian erriak,
Zaindurik bere oitura garbi
Eta egizko legiak,
Galdu gordian ikusten doguz
Bere edertasun guztiak.
Jazoera onen errudun gara
Euskaldun erdelzaliak.
IV
Euskalduna naz entzun nai dogu,
Eta gaiņera arrokeriz
Esaten dogu euskalduna naz
Izkuntzaz eta jatorriz.
Asko oi dira ospia edo
Aundi izateko egarriz,
Ama Euskera begi ta biotz
Negar malkozko iturriz.
Zapiok kendu ta jagi gaitezan
Euskeraren alde egiz,
Eta maitatu Ama Euskera
Egizko maitasun garbiz.
V
Ez dot esaten erdera bere
Biar dogula baztertu.
Erderia be beste izkuntzak lez
Bardin goratuten dogu.
Erderaz ondo ikasi, baiņa
Euskeriagaz ez aztu.
Euskalerririk ez dagoalako,
Euskera galtzen badogu.
Besten gauzari bakian itxi,
Norberarena ondo zaindu.
Euskalerria ez da galduko,
Olan egiten badogu.
VI
Emakumia mundu guztian
Dabil modiai begira.
Nundi edo andi elduko jaku
Modia dagoan lekura;
Jantziko jaku naizta nabarmen
Izan modien jazkera.
Barre egin arren bere itxurari,
Bapere ez deutsa ardura.
Emakumetan sartuko balitz
Gure izkuntza modara,
Mundu guztiak egingo leuke
Aunditasunez euskera.
VII
Itxi daiguzan geure arteko
Eztabaidak ziero.
Alkar gaitezan euskaldun danok
Anaitasunez maitero.
Euskerak, galdu daben indarra
Zigur astiro astiro
Irabaziko, maitasun garbiz
Guztiok lan ein ezkero.
Ez da indarrik maitasunaren
Indarra menperatzeko;
Guk be euskera maite badogu,
Ez da sekula galduko.
Itxartu eta jagi gaitezan
Belutu baiņo lenago.