Gazte bat Askatasuna eskatzen
Enbeita, Balendin
Askatasuna bear dogula
Gaiņera errazoi bidez,
Neu bere, gazte, orretan nago
Askatasunaren aldez,
Jakin bear da onerako dan
Ala Erriaren kaltez
Artu baiņo len zer eiten dozun
Ondo konturatu zaitez.
Zure gurari orrek poztuta
Emen naukazu begira,
Ikusten danez Askatasunak
Emoten dautsu ardura.
Baiņa Erriak zer bear dauan
Kontuan jausi al zara?
Lortu baiņo len ez al dau oba
Erri jakintzen kultura?
Askatasuna bearreko da
Neu bere orretan nago
Baiņa erria gertau bear da
Au lortu baiņo lenago.
Gizatasunez eta kulturan
Erria lotan badago,
Lokarripetik askatu arren
Ez gara urrun joango.
Gure Aberriak gaztediaren
Laguntza dausku eskatzen.
Baiņa dirausku ikasteko ondo
Bere problemak ezautzen
Zarata egiņez ez dala erreza
Erri lotu bat askatzen
Eta gaitzago kultura barik
Bere eskubideak zaintzen.
Orra or, gazte, nere eretxia,
Parkatu oker banago.
Beti izan naz gazte zalia
Gaur bere zuekin nago.
Gizonak izan eta ikasi
Geroago ta geiago
Euskal Errien etorkizuna
Zeuen eskuetan dago.