Brouard-tar Santi
Enbeita, Balendin
Izar haundi bat itzali zaigu
berez mila piztutzeko
ilunik dugun Euskal Herriko
zerua argitutzeko.
Argian bila dabiltzazanei
argi bide bat sortzeko
Brouard'tar Santin jokabidea
hor dugu eredutzako
argi biderik onena baita
gure garaitza lortzeko.
Ezker ta eskubi anaitasunez
egiten zenduzan hartu
haurrak osatu eta maitatu
euskal giroan jorratu
euskal baratzan emaitza zinen
lore asko zendun sortu
zure garaitzan jokabideaz
etsaiak ziren bildurtu
eta martiri hil zinduezan
gero eskuak garbitu
Gudalburu bat hola hiltzea
etsaiak ondo hartu du
baina Santiren gudalosteak
bildur gabe jarraitzen du
Hil eta gero tamal agurrak
nahiz ta dituzten bidaldu
Santi nork hil den ez dugu zertan
Gonzaleztarrei itaundu
eskuak zertan garbitu ez dira
egin ezean zikindu
Santi izatez apala gendun
borondatetsu ta umil,
baina herriko gora beheratan
beti argi eta habil
Santiren jokabidean gaur be
Herria burrukan dabil
bere heriotzak itzartu ditu
andre, gizon, neska, mutil
gudalburu bat hil dute baina
gudalostea ez da hil
Martiriaren odola dugu
bihar-etziko garaitza
Herri bizien espiritua
eten gabeko emaitza,
negu ta uda loretan dagon
agortzen ez den, baratza
herri hau hilda ikusi guran
etsaia, alper zabiltza
indarrez ez duk lur bihurtuko
Aberri baten bizitza.
Santi zenaren heriotzeaz
etsaia ez zaitez poztu
bere odolez busti zen lurra
Euskadi dela ez ahaztu
Lotan zirenak itzartu ditu
erdi gaxoak osatu
Herriak orain, Santiren lana
egin orduan ezautu
berak bezala askatasuna
egiten dugu eskatu
Hobiratzean herri osoa
zendun zeure inguru
zure iraultzan barrean bazen
itxaropenaren Zeru
Santiren nahia beteko digu
herri burrukak seguru
esaten zuen askatasuna
dugula geure helburu
gizon Euskotar jokatzeagaz
hori jaritxiko dugu
Ez dira inoiz lur bihurtuko
Brouard'tar Santiren lanak
martiri baten heriotzeak
argi dakustaz ilunak
gorroto beltza makaltzen daki
eta sendotu gizonak
gizon euskaldun eta abertzale
beti aurrera euskaldunak
helduko dira sendiak aske
batuko garen egunak.