Azken agurra
Enbeita, Balentin
Mikel:
Nora zoiaz, Bakarne, igeska emendik,
Zeure gurasoeri laztan bana emonik,
Zeure baserritxua betiko itxirik?
Nora baiņa, Bakarne, nora ain gazterik?
Ez al dozu barriro etorteko usterik?
Bakarne:
Nire biotza daukat gaur erdibituta,
Eztarriko lakarrak nauka mutututa,
Nire begiak dodaz malkoz lausotuta.
Nora noian diņozu, olan ikusita?
Moja noia, Mikeltxu, mundu au itxita.
Mikel:
Emeretzi urteko neskato lerdena,
Udabarriko lora, lirio biguna!
Ori bai burubide, zuk artu dozuna!
Oba dozu munduan jolastu naidana;
Oraintxe daukazu-ta sasoirik onena.
Bakarne:
Munduko jolasetan, erleak loran lez,
Danak egiten dogu gau eta egun ames.
Lorak igartzen dira, jolasak be iges:
Mundu au guzurra da, besterik ezer bez.
Poza gura badozu, garbi bizi zaitez.
Mikel:
Ez da txantxetakoa daukozun asmua,
Komentura joateko daukozun gogoa,
Emeretzi urteko neskato sendoa.
Oldozmenetan dago Mikel auzokoa,
Nok emon ete deutsun ortarako sua.
Bakarne:
El al dozu entzuten, Mikeltxu laguna,
Betiko bizitzea dala Jesus Jauna?
Bera da, ba mojatzat deituten deustana;
Eta gura dot egin Jesusen esana,
Dakidalako Berak zainduko nabena.
Mikel:
Jaunaren naia eta zeure borondatez
Ba-zoiaz, Bakarnetxu, guregandik iges.
Otoitz egingo dozu Mikeltxuren aldez;
Neu-bere ez naiz aztuko zugaz eguno bez.
Agur ikusi arte: ondo bizi zaitez.
Bakarne:
Eskerrik asko, Mikel, ta ez naiz aztuko;
Jaunari zure aldez deutsat eskatuko,
Gaur lez biotz zabala beti izateko,
Mundu laban onetan ondo zainduteko,
Gaur lez gero Zeruan biok alkartzeko.