"Biba España" didarka dagoz
Urretxindorra
«Biba España» didarka dagoz
neuk ere «Viva» dirautset.
Gorrotorikan ez dagolako
nigandik Españarrentzat.
Katolikuek jakin biogu
zer dinon goiko juezak.
Inoren gauzai bakian itxi
zaindu beria bakoitzak.
«Viva España» berriz dirautset
izan bei Españarrentzat,
baina geuk ere «Gora Euskadi»
geuria da ta geuretzat.
Maixu batek bein eskolumiai
esateutsen goiz batian,
España oso haundia zala eta
indartsuenen aldian.
Amerika ere menpetu ebala
indarrez beingo batian.
Eta Españiako bandera jarri
Amerikako lurrian.
Ameriken ez zirian gauza
bandera jarri artian.
Españarrenak izan zirian
ondutik aurrerantzian.
Eta mutilak han entzutian,
poz pozik jarri zirian.
Berrogeiren bat bai alkartu
juteko arratsaldian;
zapi zuri bat ipinten dabe
makila baten gainian;
makila hori ipinten dabe
maixuen beratz erdian.
eta ango makatz ta madari danak
batuten hasi zirian.
Eta maixuak hau ikustian,
«Zer dabizue lapurtzar horrek
inoren gauzak hartzian?»
Eta mutilak, danak batera
gogor erantzun eutsian:
«Ixi, maixua, astu ein jatzu
zer esan dozun goizian.
Geuk jarri dogu ikurrin hori
geu nagusi baratzian.
Eta haugaitik lapurrak baga,
orain gure antzian
zuk esandako Españarrak be
lapurrak izan zirian».