Ordikeria
Enrike Elizetxea
Ez da izango mundo onetan
gauza itxusiagorik
gizon orde bat billin-balan-ka
kalian bezelakorik
¡o! zenbat aldin egoten naizen
biotza erdibiturik
Entzunik penan jendien farrak
norbait ala ikusirik.
Gizona ala ikusi eta
¡nola egin leike farra!
¡farra! ¡ez farra baizik begira
maiz etortzen zait negarra!
eta ¿nola ez baldin gizona
naiz gaztia ala zarra
ordikeriak lajatzen badu
ain itxusi ta zatarra?
Ala, oso maiz ikusten dira
gizon oraindik gaztiak
pausua nagi, gorputza pisu
begiak oso tristiak
beti esaten ari dirala
eman dizkaten nastiak
dadukazkite kiskaldurikan
beren barrengo estiak.
Ezin liteke esan ¡benetan!
¡ain dira izugarriyak!
zer doakabeak toki denetan
dakartzkien edariyak
nastutzen ditu osasundunak
il azten erdi eriyak
neurriz kanpo artu ezkero
edari nazkagarriyak.
Galgiru orrek ondatzen ditu
azkar gure osasunak
erakarririk ergai batian
pillaka eritasunak
nola diraden, gibeleko miñ,
zauri ta erotasunak...
¡o zenbat lagun iltzen dituen
urtian orditasunak!
Edariaren bizitasunak
il azten ditu indarrak
eta ziranak gizon portitzak
biurtzen dira argalak,
¿ta nola izan aben umeak
aundiyak eta mardulak?
Nai eta nai ez bear dut'izan
indar gabe ta erbalak.
Oriek orla diradelarik
¿zer gauz da ordikeriya?
dudarik gabe esan liteke
familien galgarriya
¿zein da aserre, mutur joka ta
kalte askon iturriya?
ogeyetatik emeretzitan
beti eran geyegiya.
Geldi zaitezte entzuten non nai
gizon ordi baten itzak
eta agudo zuen gorputzak
pasatuko ditu otzak
gaizbidetiak, nazkagarriyak
dira beraren jolasak.
¿Ez gaitu bada ikaratuko
itza zikin ayen otsak?
Gizon illtzallez betiak daude
emengo presondegiyak.
Galde banaka zertaz dituzten
alako penitentziyak.
Sartu giñan bein ardo lekuan
eta ustu maiz ontziyak...
mozkortu nitzan, ill nuben norbait...
emen nauka justiziyak.
Galgiru ori geitxo zabaltzen
ari da Euskal-erriyan
ez bakarrikan kale aldian
baita ere baserriyan
jendia txit maiz azki da ardo
edo sagardotegiyan
eta edari bizi zikiñak
saltzen diraden tokiyan.
Orrengatikan gaur Euskaldunak
ez daukagu lengo antzik...
ez daukagu, ez gure asabak
zuten bezelako gantzik
ezin liteke emen azaldu
len bezelako ekantzik...
ez gerade gu lengo gizonen
errañu triste bat baizik.
Diputadu ta erri gizonak
egin bada aleginak
Euskal-erritik ayenatzeko
aipatu diraden miñak
lan ortan lagun bezate apaiz
maisu eta sendakiñak
borra ditzagun beti betiko
ordikerirako griñak.