Maria
Elissamburu, J.B.
Bertzek erran baitute nik baino lehen
«Hainitz adituz dela hainitz ikhastera»
Uste dut on den,
Nik dakidan bezala arren
Jakin dezaten.
Beraz aipha dezagun Maria nor den.
Aztal biribil eta zingar hertsia,
Eskuaren betheko zango bihia
Ttiki-ttikia,
Golkho bat aberatsa, lerden gorria,
Erne begia;
Nolako panpina den horra Maria!
Erle bat da Maria etche barnean,
Eta landan orobat ari lanean
Behar denean:
Aphaintzeko pulliki behin astean,
Noiz? Igandean.
Ustai beharrik ez du soinaren pean.
Solas alegera bat errana gatik,
Irri freskorik baizen ez dut izan nik
Maria ganik;
Adichkidekin ez du handitasunik;
Bainan hargatik!
Ez erran Mariari solas arinik!
Mariak baratzean badu berea,
Udan eta neguan lorez bethea
Errek-artea;
Bere loren artean erdi-gordea,
Gacho maitea,
Bera da pullitena hango lorea!
Mariak balinbadu moltsa joria,
Merkatura goateko badu saskia
Churi-churia;
Arroltze lau dotzena, oilasko bia.
Salduz guzia,
Zertako den aberats horra Maria!
Jendek errana-gatik hal'eta hola...
Goibel dagola;
Bertzetan nigartto bat jausten zaiola...
Zer zaio achola?
Baluke nahi balu aise kontsola!
Igandetan Maria zinez panpina;
Zapata chabalekin soin motch urdina
Berak egina
Elizako bidean arin-arina,
Mila sorgina
Errege baldin banintz, zer erregina!