Kazkarotak
Azkaindarra
1
Kazkaroten arraza guziz berezia
Itsas-hegian hor da aspaldi jarria.
Ez dautzuet erranen nondik ethorria
Nihork ez bide daki segurki egia...
2
Itchuraz tzarrak bezen barne onekoak
Dena bihotza dire kazkarot gaizoak.
Gaur ez diru kechatzen segur biharkoak:
Bide dauka oraino arrain itsasoak!
3
Ura maite dutela ez dut ukatuko,
Guziak han baitire sortu direneko...
Bainan arnoa ere ez dute hastio:
Bi pinta baino naski hirur nahiago!
4
Kazkarotak mokoka famatuak dire:
Kazkaroteri nihor ez ditake pare:
Gizon edo emazte, igualtsu zaiote:
Kazkarot baten kontra gu sei behar gare!
5
Egun batez Ziburun nintzen arrainketa;
Bidean hasi ziren bi haur tchar kolpeka
Emaztez han bildu zen sekulako meta:
Ez daukat ahantzirik hango kalapita!
6
Bat bazen «zorritsua», bertzea «zikhina»
«Jito ohoin laphurra» zen hirurgarrena!
Harritua nindagon, han, zuzen zuzena
Azkenekotz ni nintzen denen hobenduna
7
Azkainen gertatu zaut pollitagokoa...
«Chardin frech» aditurik, (bethiko leloa
Galdetu nuen beraz zer zen prezioa.
Oi, ez banu bederen ideki ahoa!...
8
«Hamabi sosetan da zuretzat, enea».
Garastiegi duzu gaurkoan, maitea».
Erran banuen erran hasi zen oihuka
«Jainkoak laster nezan lehen zapartaka!
9
Pertsu hauk egitean etcheko chokhoan
Kazkarot bat hari zen tratuan hauzoan.
Solas ederra franko bazuen ahoan...
Ai, ai, ai, jakin balu zer nuen gogoan!!!