Txoriak kantuz txio txioka
Basarri
1
Txoriak kantuz txio txioka
or dauzka Udaberriak,
alaitasuna nai luke buru
gaur Arizkun'go erriak.
Anaitasunez bilduta daude
bertako nekazariak,
besarkada bat eskeintzen die
Basarri bertsolariak.
2
Beti lurrakin burrukan dabiltz
guzik nekatuz gorputza,
jende langille ta saiatua,
leiala eta on utsa.
O, Arizkun'go bazter polit au
beti jun dedin goruntza,
Isidro maite, egin zaiezu
premizko duten laguntza.
3
Isidro done, zu zerala ta
dute gaur emen billera,
ta konpontzea komeni zaia
amaikatxo gorabera.
Pausoa errez eman diteke
onera eta txarrera,
zu bitarteko izan ezkero
irtengo dute aurrera.
4
Zuen erriko alkate jauna
Zarautz aldean gertatu,
alkar ezkendun ikusi baņa
bertso batzuek eskatu.
Talentu asko eztetenarren
guzia etzait bukatu,
klase ontako mesedetxo bat,
nola demontre ukatu?
5
Bi urte pasa agintzen eta
kargua utzi bear du,
jakin dedanez zuen erriak
lendik oitura ala du.
Ainbat balio duen gizon bat
ain errez nolatan galdu?
guzientzako obe litzake
berak segituko balu.