Txeko erriaren uztarria
Eizmendi, Iņaki
-1-
Irripar goxoz zeuden ezpaņak
estali dira negarrez,
uztarri latzak estutzen zaitu
maite ori, zoritxarrez.
Txeko erria irakiten gaur
berebiziko asarrez,
urtebete da errositarrak
sartu zirala indarrez.
-2-
Ordu bakarrak izan zenitun
itxaropenak galtzeko,
erruki gabe zeuden etsaiak
zure sailletan sartzeko.
Zer motibo zan erri jator bat
ankapean zapaltzeko?
Ez al zeokaten eskubiderik
etxea gobernatzeko?
-3-
Nun dira justizian almenak,
nun dira zuzentasunak?
erri bateri erakusteko
olako estuasunak.
Txiki ta aulak aspalditxotik
gaude pikotara junak,
nai dun guzia egiten baitu
indarrik geiena dunak.
-4-
Egiņak egin, or konpon! esan,
eta etzaie ajola,
noiz arteraņo jarrai bear du
mundu sastar onek ola?
Otso goseti oientzat beti
arkumetxoen odola,
ontako al da jakinduria,
ontako al da eskola?
-5-
Txeko erria uztarripean
lengo esklaboen pare,
besterik ezin itxaron leike
indarra jartzean lege.
Gizonak ez du aurrerakorik
egiten nunbait batere,
orain bi milla urte zan bezin
maltzurra baita gaur ere.