Omenaldi bat
Basarri
Gaur inguruan izango ditu
egitazko ainbat lagun,
danok dakigu bera dalata
zenbat itzegiten dugun.
Burrukan asi, ta bi urtera
jarri Europan txapeldun,
ikusiko da «Urtainen» marka
berriz zeiñek egiten dun.
Santuak bakan izaten dira,
pekatariak galanki,
gizona berez argala dala
egi au zeiñek eztaki?
Gure «Urtainek» izanagatik
eztakit zenbat aitzeki,
orrelako bat berriro sortzen
kostako zaigu ederki.
Baldin balio izan ezpalu
beretzat zuan galera,
«Urtainen» fama bapo sartua
izango zuten lurpera.
Asi orduko bukatu oi da
zenbait gizonen karrera,
txarrak atzean gelditzen dira;
ona joaten da aurrera.
Euskaldunaren biotza ere
inbiriak irabazi,
zer atzerako egiñak gauden
nik nola adierazi?
Auzoko dana ona degu-ta,
anairik ezin ikusi,
guk txapeldun bat edukitzerik
iñoiz eztugu merezi.
Okerrak daude, pobre, aberats,
aundi eta txikietan,
eliz gizon da prakadunetan,
guraso ta semietan
Gandu lodi bat jarria dago
euskaldunen begietan,
«Urtainen» kaso ontan bezela
beste gauza guzietan.
Ezin asmatu iñoren onik
ixillean eramaten,
ontatik pentsa pertsona batzuk
zer bizimodu daukaten
Mingain gaiztoak egun guzian
marmarrez, gaizki esaten,
etxetik ankik ateratzeko
eztu gogorik ematen.