Mattin il zaigu!
Eizmendi Manterola, Iņaki (Basarri)
1
Gure artean ez da aztuko,
ez, Ahetze'ko semea
ainbat gozamen emanda joan dan
langile bizkor ernea.
Zuretzat ere iritxi, Mattin,
lurreko azken unea,
ez da makala Euskalerrian
utzi dezun utsunea.
2
Itzali zaigu bein da betiko
ain izar dizdiratsua,
amaika bider zabaldua zan
barrenen zeraman sua.
Gure artean bat izan ba'da
uraxe umoretsua!
Bere doairik berezienak:
alaia ta paketsua.
3
Jostalaria zan berez eta
ateraldietan treben
entzule danak partez jartzeko
askotan bera errege.
Asarreturik, kopeta beltzez,
etzan ikusi beiņere,
esaten zekiana zan baiņa
bai gero entzuten ere.
4
Sarri egoten nintzan ni, Mattin,
zurekin bildu egarriz,
Bidasoa'ren bi aldetan gu
kantatuak ainbat aldiz,
Danak txoratzen zenituan zuk
etengabeko par-irriz,
ezin sinistu etzaitudala
ikusi bear nik berriz.
5
Samintasuna nagusitu da
zu lur ontatik joatean,
jakin dedanez, zure gorputza,
gaur sartzen dute lurpean
Mattin maitea, murgildu zaite
zorion bete-betean,
zeru goietan kanta gogotsu
Xabaldorrekin batean.
6
Guk ez daukagu kemenik eta
guk ez daukagu indarrik,
Jaunak deitzean joan egin bear,
ez dago esan bearrik,
Mutututako txori zar biok
gelditu gera bakarrik
otoitz orduan beti gogoan
izango zaitu Basarri-k.