[Euskadiko gerra]
Basarri
Negu arlote gorria
arturik pardel aundia
orra or gertu jarria
beste bat arte agur egiñaz
uzten du gure tokia
urre margozko aulkia
auxe poz aipagarria
ba dator udaberria.
Txoriño danak abestiz
asten dira egunsentiz
gu esnatzeko parrirriz
zelai zugaitzak piska banaka
nun jazten diran orlegiz
goiztar iguzkiak dizdiz
zazpi aingeruren graziz
ederra zera zu guziz.
Euzko basetxe txuriak
laztantzen udaberriak
ain dira maitagarriak
etxetik kanpo soro sendotan
indar dakarki gariak
goldean dabil idiak
artoarentzat bidiak
ba du lan nekazariak.
Arrantzaleak arrantzan
orra or nola dabiltzan
ontziarekin balantzan
"antxoa merke" didarka daude
kalean bezela plazan
gogorik baden artu zan
bestela pake eman zan
ez adi berritsua izan
Sagasti muñoa goazen
zugaitzak nola dagozen
lau aldetara loratzen
igali txortak or ari dira
bear bezela osatzen
ta gu begira gozatzen
gero jatea pentsatzen
okerrik ez ba da sortzen.
Larrun mendira igorik
Aberria ikusi det nik
kateak ezin jasorik.
Euzkoen Ama zigortua ta
bere semiak gaixorik.
kopetik ezin altxarik
ez dute ikusten argirik
en ez da udaberririk!!!