Itsas-bazterrean
Echegaray, Karmelo
Euskal-erriyari begiratzean.
Penaz beterikan,
Aren naigabeaz nere biyotza
Zauriz josirikan,
Itsas-bazterrera nator, ugari
Negar egitera;
Negar oriyekin, sentitzen dedan
Miña gozatzera.
Zorionekoa, lurrean negar
Egiten duena;
Bada negarra da gizonarentzat
Miñen gozamena:
¡Nola gozatzen dan estutasuna
Negar egitean!
¡Nola sendatutzen, gure biyotza
Malko bakoitzean!
Malko tantoetan, doa gugandik
Degun naigabea,
Bizitza gurea samintzen duen
Miñ zaurigillea.
Malkoak, biyotza garbitzen dute,
Churi lagarikan,
Garbitutzen diran eran zelaiyak,
Intzez bustirikan.
Eta ¡zeñ garbirik nere biyotza
Laga bear duten!
Zergatik garratzak, guztiz garratzak
Ditudan isurtzen.
Ondokaiya zera, itsas-ekaiztsu
Kantauriyakoa,
Baña nere pena, nere miña da
Ondokaiyagoa.
Da bukagabeko leize zulo bat
Beziñ ondokaiyai
Negu beltz tristean zu ziran beziñ
Ikaragarriya.
Da... baña ¿zer nai det? nai det azaldu
Nere miñ aundiya?
¿Nola, baldin bear badet mingañ bat
Chit goi ta zollya!
Nere lur maitea... penaturikan...
Dolkaiz estaliya...
Len zuen urrezko mantua, milla
Zatitan autsiya...
Bere seme danak, erbestetuen
Miñak nozitutzen,
Kabi gabe dauden choriyen eran
Triste zizpurutzen...
Dontzella guztiyak negarrez daude;
Matralla tristean
Azalkeratzen da, zer miña duten
Beren biyotzean.
Aiton buruzuri maitagarriyak
Oyuskatzen dute;
Besoetan, gorde nairik, aurchoak
Artutzen dituzte...
Ibaiyak, errekak... arreturikan...
Lañoz ingurarik...
Beren ertzetan ¡ai! aditu gabe
Kantu pozezkorik...
Mendiyetan dauden iturrichoak
Danak agorturik...,
Berak bustirikan, azitzen ziran
Landareak, illik...
Saroiyak, basoak, chara luzeak
Chori bat gaberik...
Isiltasun triste negargarriya.
Beretan nausirik...,
Arbola guztiyak arrenkurarik.
Zariken antzera:
Beren adarrak ¡ai!, desalaiturik,
Jechirik lurrera...
Dana beltztasunez..., illuntasunez...
Tristura; beterik...
Aizetan entzuten ez dala, negar
Mintsuak besterik...
¡Eta zer tristura! ¿zerr illuntasun
Negargarrizkoa
Noizik beiñ ikusten dan argiya da
Chimista suzkoa.
Beraren ondoren, illuntasuna
Geitutzen duena;
Bildurrez, ikaraz mendi guztiyak
Uzten dituena.
Turmoiyen dunbotsaz, isiltasuna
Genasitzen bada.
Mendi-zokonetan oyarzun triste
Bat aditutzen da.
¡Zer ekaitz gogorra! Lurreratzen da
Topatzen-duena;
Naiz landarechorik ezerezena,
Naiz indartsuena.
Naiz anziñatikan itsatsirikan
Sustraiyak dauzkana;
Naiz, len ekaitz danak, beren joairan,
Goi utzi dutena...
¡Itsasoa!... ¡zenbat bularretatik
Miñak aterarik,
Joaten diran zugan malko garratzak
Urakin nasturik!
¡Zenbat, zenbat auben aditutzen dan
Zure bazterretan!
¡Zenbet odeitzar beltz ikusten diran
Euskal-mendiyetan!
¡Zenbat, zenbat aldiz, aize-bunbadak
Ostoak kendurik
Aritz maiteari, dituen zugan
Eraman igarrik!
¡Gau izugarriya!..., ¡Nere Jainkoa!
¿Noiz bukatuko da?
¿Noiz egun-sentiya larrosaturik,
¡Noiz! agertuko dat..
¿Noiz odei beltz oek, aren argiyak
Urratuko ditu?...
¿Noiz mendi goituak; ibai zokonak,
Dizdiztuko ditu?...
Itsaso zabal su, arroturikan
Naiz egon orruaz,,
Bere baga pitsdun aserreakin
Aitzak zeatuaz;
Laster umilltzen da, sentitutzean
Aizecho biguna,
Pake donearen mandataritzat
Biraltzen dezuna.
Bukatzen da, zelai mardulak soiltzen
Dituen ekaitza;
Naiz zurrunbilloan dabillen aize
Gogor ezikaitza...
Naiz galmenarekin dijoan ajol
Zemuitezgarriya,
Naiz biyotz danetan ikara sartzen
Duen izurriya...
¿Eta gure lurra dolkaitzen duen
Miña da betiko?
Bere bekatuak, añ miñ larriyak
Ez ditu kitako?
Begiratu ¡Jauna! zenbat zizpuru,
Zenbat negar doan.
Urakin nasturik, itsas-aserre
Kantauriyakoan.
Begiratu zazu nola Zugana
Besoak jasorik,
Gauden, barkamena biyotz-biyotzez
Zuri gurteskarik
Begiratu, zenbat aur ogengabe
Diran ilduratzen;
Amaren mindura begiratzean.
Diran izututzen.
Izan zazu, bada, gure Jainkoa
Gutzaz urrikiya;
Bada ¡Jauna! Zure biguntasuna
Da neurtezgarriya.
Ez dezu nai Zuk ¡ez! doñeskañitzat
Odol-isurtzerik;
Zuk nai dezuna da, biyotz umill bat
Benaz damuturik.
Damuturik gaude; biur zaiguzu
Bigun, arpegiya;
Berriz jaiki dedin, koroaturik,
Euskaldun-erriya.
Doneskañi garbiz, aldare danak
Estali ditezen
Jende danak zure doaindigoak
Kantatu ditzaten.