Garo-tartean. (Nere biotzeko adiskide Domingo Agirre-koari)
Echegaray, Karmelo
Emen, aritz zar baten
Itzalpe gozuan,
Mundutik aldegin ta
Mendiko chokuan,
Gañean aditurik
Choriyak kantuan;
Piska bat arontzago
Dagon bordachuan,
Arzai-mutill chiki bat
Atsegin santuan;
Bildots eta idiyak
Zelai ta soruan,
¡Au bai dala izatea
Euskaldun moduan!
Iturriyak, arbolak,
Zelai ta mendiyak,
Denak dira neretzat
Chit maitagarriyak:
Garoa pizkortzen du
Intz dizdizariyak;
Bazter guziyak ditu
Alaitzen choriyak,
Eta betik dijoan
Erreka chikiyak,
Geldirik daramazki
Bere ur garbiyak.
¡Au da pake santua!
¡Au da gozaera!
Emen ez det aditzen
Ezpada euskera:
Eta begiratzean
Baserri-aldera,
Usai gozo bat dator
Poza ematera.
Usai orrek izena
Dauka birtutea:
Anchen dago isillik,
Ederki gordea,
Ala nola gordetzen
Dan umill lorea,
Naiz egon edertasun
Bikaiñez betea.
Euskaltasunez dago
Au dena beterik:
Emen ez det aditzen
Munduko soñurik:
Pakea, gozaera,
Dabill nagusirik,
Aizearen bitartez
Bigunki esanik:
¡Maite! nai badezute
Izan zorionik!
¡Maite! dio choriyak
Arbolen gañean:
¡Maite! isiltasunak
¡Izkuntz ederrean!
Nere biotzak, ere,
Oyek aditzean
¡Maite! ¡maite! dio gaur
Bere barrenean,
Garo-tartean pozez
Nabillen artean.
|