Euskaldunak
Echegaray, Karmelo
¡O anai maite, Bidasoatik
Aronz dezuna kabiya,
Lapurdiko lur gozatsuetan
Zerana jayo ta aziya!
¿Egiya ez da or eta emen
Bat dala Euskal-erriya?
¿Alferrik dala berezitzeko
Gizonaren nai guztiya?
Or eta emen ¿ez da bat bera
Euskaldun denen Fedea?
¿Ez da bat denok maitatzen degun
Maitagarrizko Legea?
Ez da guztiyen izkuntz gozoa
Euskera ezti maitea?
Or eta emen ¿ez da esaten
Euskeraz Aita gurea?
Odol bat degu: denok gerade
Kabi batean sortuak;
Or eta emen berdiñak dira
Oitura bedeinkatunk;
Berdiñak dira barren-barrenen
Ditugun sentimentuak;
Berdiñak gure biyotzetatik
Irtetzen diran lantuak.
¡Bai! Euskaldunak gera, bai, denok
Den-denok gera anaiyak;
Or Euskaldunen kantuak ditu
Aditzen Larrun aundiyak;
Kant' oyek berak esnaturikan
Emen oyarzun guztiyak,
Euskal-mintzatzen, or eta emen,
Asitzen dira mendiyak.
Itsaso baten orroak dira
Or nola emen entzuten,
Esan nai balu bezela, nola
Sustrai batetik gatozen;
Den-denok zuaitz bat bera degu
Biyotz-biyotzez maitatzen,
Agertutzeko Aitor zarrari
Nola diogun jarraitzen.
Aritza-esan zuen Aitorrek-
Zazute beti maitatu,
Nai badezute nik erakutsi
Dedan bezela bizitu:
Eta Uztaritzen orko Euskaldunak
Aritza zuen goratu,
Eta emengoa Gernikan aritz
Baten aurrean auspeztu.
Chit igeskorrak dira gizonen
Uste ta pensamentuak;
Laster gelditzen dira lurpean
Berakiñ obiratuak:
Ala gizonak usteagatik
Gaudela berezituak,
Zuek eta gu gordeko gaitu
Beti Jaunak anaituak.