Ama Birjiñaren berrionak
Echegaray, Karmelo
I.
Ikusten det Zeru goya
Izar argiz jantzirik;
Ikusten det argikari
Dizdizariz beterik ;
Ikusten ditut aingeru
Danak arpak arturik,
Zerutarren soñu gozo,
Miragarriyak jorik.
Eguzkiyak, errañuak
Mundura biralirik,
Uzten gaitu Jaungoikozko
Pozkidaz beterik.
¿Zer da, bada, gertatutzen?
¿Nola gaude pozturik?
¿Nondik dator gure poza?
¿Dator, ausa, Zerutik?
¡Bai! begira nola doan
Laño bat ¡an! ariñik,
Altisoizko urildoa
Ondorendik utzirik.
¿Nora zoaz, añ agudo,
Lañoa, churiturik?
¿Zergatikan zoaz gora
Lurretik aldendurik?
¿Ta zergatik, zu, lurgaña,
Zaude larrosaturik?...
II.
Gelditu da, marboillean
Ikusten zan lañoa;
Gelditu da gure goyan
Laño zillarrezkoa...
¿Zer agiri da beregan?...
Aingeru Zerukoa,
Dakarrela bere eskuan
Azuzena gozoa.
Mugitzen du goyangetu
Gabriel-ek egoa;
Jachitzen da, zuzendurik
Lurrera lastergoa;
Zabaltzen du odeyetan,
Urrin mirarizkoa,
Eta dator ekartzera
Mandatu Jainkozkoa.
Inpernuan entzuten da
Gezurtien orroa;
Ernegaturik arkitzen da
Deabruen zuloa,
Ikusirik gizonaren
Zorion Zerukoa.
III.
Jaunagan adimentua
Daukalarik jarriya,
Nazareten, eche chiki
Baten dago Mariya,
Birjiñ birtutetsua,
Birjiña Zerukoiya!;
Otoitza da bere poza,
Bere atsegin guztiya;
Da chit onesgilleduna,
Berdingabe, garbiya;
Inpernuko sugearen
Buru-zapaldariya;
Birtutezko bideetan
Guziz miragarriya;
Igarleak kanta zuten
Larros Jerikotiya;
Zerutik etorritako
Andre chic donetiya;
Gure zorionerako
Lur tristera jachiya;
Chaukindaren boillandeaz
Jaungoikoak jantziya.
IV.
Orrengana dator bada,
Gabriel Aingerua;
Mariyarengana dakar
Jaunaren mandatua;
Eta dio: "Agur, Jaunak
Amatzat autatua;
Bere grazi Zerukoaz
¡O! zaude betetua;
Emakume guztiyetan
Zera bedeinkatua.
Mariyak au entzunikan
Jasotzen du gogua
Jaunagana; bere atsedaz
Suturikan barrua,
Dio guziz otseztiro:
"Nere Jaun maitatua;
Egin bedi nigan zure
Naigiñ chit donatua
Ordu artan, gelditu zan
Mariyagan sortua,
Zerutar egoitzetatik
Gugatik beeratua.
V.
Lagun zadazu, Mariya,
Nere neke danetan;
Lagun zadazu Zerutik
Nere gara beeretan ;
Artizar zuzendariya
Zaude Zeru goyetan
Artezteko gizadiya
Munduko ekaitzetan;
Izan ziñan autatua
Emakume danetan;
Jainkoaren seme Jesus
Sortutzeko zuregan;
Izan aiñan esleitua
Ebaren alabetan,
Sartutzeko gizadiya
Zeru-Jauregiyetan.
Lagun, bada, nere griñen
Itsas-irakinetan,
Gal ez nadin, arimako
Ekaitz borchariyetan.
|