Ezkon-berrieri
1.
Euskalerriko mendi eder ontan,
Birjiņ onen babesean
eta eskontza santutu zuan
gurutzearen aurrean,
sakramentu bat ospatzen degu
bi euskaldunen artean.
Jaunaren itza entzun ondoren,
Elizaren izenean,
iru oar esan nai dizkitzuet
euskal era zaarrean.
2.
Kontzeju eder ta asko eman oi da
au bezelako unetan,
baņa bat degu eskongaientzat
bearrezkoena denetan:
bera entzungo dezute laister
Eleiz-otoitz guzietan,
bera biziro nabaitzen degu
baita guk denok barnetan:
batipat maite ezazutela
elkar beti ta benetan.
3.
Bai agirian, berdin barnean
zaindu zuen siņismena,
bizitzan zear bai'dezue izango
oņarririk sendoena:
Zorionean postasuna ta
zori-txarrean euspena,
bion arteko artu-emanak
leunduko dizkitzuena,
eta semeei utzi aal dezuen
erentzirik ederrena.
4.
Azkenez, baņa ez gutxiago,
zaindu euskalduntasuna,
ezur, saņetan, arpegi, itxuran
dagerkigun nortasuna:
Zaindu arbasoek ta lur maite
eman ta utzi diguna:
oitura zaarrak, euskera zaarra,
izaera euskalduna,
geu-geu egiten gaitun "zer" orren
aragi, ezur ta guna.
5.
Betirako "bai" esan aurretik
aldare onen oņetan
zorion utsa opa dizuet
neurri gabeko neurritan,
Maitasun-garra sortu zuanak
zuen bion biotzetan
geiagotu ta zaindu dezala
su ori beti garretan,
su eder ori itzali ez dedin
sekulorum sekuletan.