Mundu baten egiteko...
Duny-Petre, Pierre (Manech, Manex)
1
Oihanetan, anitz adar,
Udan itzal emaiteko;
Egurrak, su eta pindar,
Negian du berotuko;
Ura, kantu edo nigar,
Menditik itsasorako;
Haize-hegoak du, biar,
Euri txar bat ekarriko...
Ene ustez, ta dena har,
Badea hor harritzeko?
Guzietarik da behar
Mundu baten egiteko!
2
Garazin, mutil azkarrak
Uda lanetan artzeko;
Badira jende zirtzilak
Alferretan egoiteko;
Bainan ere nahasiak,
Auzo baten jorratzeko;
Bai eta kontrabandixtak
Mugazainez trufatzeko;
Zonbait aldiz, ostalerrak,
Paristarren bipiltzeko...
Oro ditugu beharrak
Herri baten egiteko!
3
Sagarroia, bethi sista,
Sugiaz da nausituko;
Guk, badugu jende mota
Etsai bakotxaren dako:
Han, lagun dezaten E.T.A.
Gordeka gudukatzeko;
Hemen, INDAR-BERRI susta,
Xuxen ihardokitzeko;
Hor aldiz, eman ENBATA,
Lo diren inharrosteko...
Denetarik behar baita
EUZKADI-ren egiteko!
IGORTZE
Elgarrekin eta hotzik
Lanari gira lotuko.
Eskualdunak izanik,
Etzirezte samurtuko...
Orai aski mokokarik!
Biar ez dea beharko
Gare seme orotarik
ZAZPIAK BAT egiteko?
|