Etxe xaharra
Duny-Petre, Pierre (Manech, Manex)
1
Etxe xaharra, gure herrian,
Xuri-xuria, pentzen erdian,
Leiho gorriak hego aldian,
Miru-buztana haize beltzian,
Iduri zauku, arratsaldian,
Atso gaixo bat lo iruzkian!...
2
Harri batian, borta gainetik,
Deiturak ditu zizelaturik.
Izar, kurutze, lilien petik,
Irakurtzen da, lau mendez danik,
Bere lekian dagola xutik.
Nola sortu zen, ta zoin eskutik?
3
Ofiziale, mutil, sehia,
Herrikoa zen kide guzia:
Eņaut hargina, buruzagia,
Erramun, harri-pikatzailia,
Bai eta Pettan, mahaxturia...
Zer langiliak, Jinko maitia!
4
Mintza baladi behin etxola,
Erran lezake azkarra dela,
Aro gaixtoa berdin zakola,
Bana laguntza behar lukela,
Ez gelditzeko, borda bezala,
Jende gaberik, eta su-hila.
5
Erran lezake, nola, geroztik,
Seme gazte bat Joan zen hortik,
Indietarat, denak utzirik,
Jinen ote da aberasturik?...
Etxe gaixoan, iduriz hutsik, .
Etziren egon xaharrak bezik.
6
Hango semia urruntik jinez,
Etxe huts hartan, iluntze batez,
Ixil-ixila sartu zen brixtez.
Zoko guziak beltz atxemanez,
Hil-herritarat laster eginez,
Otoitzian zen egon nigarrez...
7
Urte berian, han zen ezkondu,
Andriarekin ontsa laketu,
Langilekilan lanari lotu,
Etxe xaharra dena berritu,
Bana lehengo gauzak apaindu
Zoin euskaldunki zuten artatu!
8
Etxian eder harri alkiak,
Teilatu zabal, murru handiak,
Atean aldiz, itze lodiak....
Oraiko kaskoin tegi berriak,
Haren ondoan ttipi-ttipiak,
Zer ote dira? Oilotegiak!
9
Ukanik ere maina-tokia,
Utzi dakote pegartegia!
Berotzeko du tresna guzia,
Bainan halere supazterria!.
Beraz zer etxe maitagarria,
Edertzen baitu Euskal-Herria!
10
Jende horiek, behar lukete
Bizi goxoki, ta hanitz urte,
Zeren bihotzez maite baitute
Aiten etxia, zinez nik uste.
Hilen nahia segi bezate,
Lur petik ere manatzen dute!...