(Ekainaren 30a Garazin)
Davant-Irazabal, J.L.
1.
Oihu bat loratu da
karrika beltzetan,
Esperantzaz gorritu
gure bihotzetan,
Irrintzi bilakatu
guztien botzetan:
«Bai Euskarari denek,
Euskara plazetan!»
2.
«Bai Euskarari» Bilbon
karrika ilunak.
Eskerrak Bizkaitarren
harri euskaldunak!
Profetak hil badira,
zuek oihartzunak:
Garaziko herrian
gaur zaret' entzunak.
3.
Zure mezua, Bernat,
hain luzaz galdurik,
Gazteriak du berriz
lurretik bildurik.
Martirien odolaz
ardura hazirik,
Bazter guztietan da
orain txertaturik.
4.
Garaziko zuhaitza,
eman dun fruitua:
Gernikakoaz egun
haiz enpeltatua.
Eta zu, Etxepare,
lur huntan sortua,
Hau bezala zaude gaur
benedikatua.
5.
Nafartarren hizkuntza
zu zinen, Euskara.
Zoritxarrez gaur dugu
nagusi erdara.
Etxeparek bezala
goien erronkara
Iraganen zaitugu
Nazio bat bagara.
6.
Bilbotik Eskiulara
dabil oihu bera:
Zazpi probintzietan
gu Nazio bat gara.
Euskara dugu herri
hizkuntza bakarra,
Euskalduna euskaraz
jauts hadi plazara!
7.
Euskaratik aparte,
zer euskaldungoa?
Euskararen etsaia
ez da hemengoa.
Bat eginez iparra
bai eta hegoa,
Elgarrekin dugun haz
euskaldun gogoa.
8.
Irrintzi bat entzunik
Bilbo kedartsuan,
Hemen gaude bildurik
leku amultsuan.
Bat egin dezagula
herri min sutsuan,
Oi Euskara maitea,
zure zerbitzuan!
9.
Ekaldera heldurik
uholdeen orroa,
Botzez ikaratu zaigu
euskaldun erroa.
Euskararen zaindari,
gora Ziberoa,
Bastidatik Ebrora,
gora Nafarroa!
LELOA:
Bai Euskarari denek,
Erabil Euskaldunek,
Ikas ez dakitenek,
Mintza beti geronek! (berriz).
|