Etxahuni orhitzapen bat
Bordazarre, Pierre (Etxahun, Etxahun Iruri)
1
«Sortü giren güziek zor dügü hiltzia.»
Zihaurtan ez dügia hortxek etsenplia?
Orano hain bizi da zure ixtoria
Hil zinela ez zaikü aisa sinhestia.
2
Izar gaxtuen pian zü zinen sortürik,
Zure aita et'amaz gaizki maitatürik,
Afetzione mentsian gero handiturik,
Triste bazinebiltzan, oso herratürik.
3
Primü, handia, bena bardin miseraule,
Untarzüner ez zünin eskerrik batere:
Umil behar ordian, bestien trüfale
Urgüllürik ez zünin, bena bai fiertate.
4
Lehen amodiotik gaixki partitürik,
«Judio herratübat» zü zinen geroztik:
Gaiaz bidajazale, egünaz gorderik,
Azkenekoz hil zinen denez hügüntürik.
5
Ahargo ta Kanbillu, bi mendi fierrenak,
Etxerik hüllantxago Mari-Maidalena,
Sofritü dütüzie Etxahunen penak,
Horren kokineriak, horren hasperenak.
6
Dejaik ehün bat urte itzali zirela!
Zuri lehentatürik lagün infidela...
Sinets-azü Barkoxe kanbiatü dela.
Orai aipatürik da: herri bat modela...
7
Gaztelondon neskatxak dirade zühürrak:
Ez dirade juraiten habor' Eretzürat
Montoriesen ondotik ützik Barkoxtarrak.
(Biarnesek halaz die hazkatzen südürra!)
8
Ez da ez Mari-Solt-ik habor' herri huntan.
Espusatzen dirade hogei bat urtetan.
Barkoxeko lürretan, edo herrietan,
Ezinian direnak sartzen komentian.
9
Ez da nihur juraiten orai Errumarat
Pelegri Aita Saintiaren ikustera:
Laket da bidajatzen: badua ber-bera
Arima dolorusen benedikatzera.
10
Hagiapalia düzü beti ber lekian
Bena hanko, güziak orai dira galant.
Ezinago agüdo, hunestak, iseant:
Akortin zinanteke orai haiekilan.
11
Barkoxeko elizan (ez da erran behar)
Bada toalet ederrik, zunbait arropa txar:
Horre-gatik nun nahi aisa leiteke jar,
Aspaldin erretora beita Xiberutar.
12
Jeiki ahal bazinte hoien jüjatzeko,
Barkoxe berri hunen palaminatzeko,
Ikus zintio heben herritarrak oro
Ez zuri gaitz erranka, bena belhauriko.
13
Zaude lo ederrian: zü ziela medio,
Barkoxeri deogu habor'amodio.
Erranen dereizügü hor «berriz artio»,
Josafateko xokun ikusi artio!