Eta nik hegoa...
Borda, Itxaro
Larrazken honek iparraldetik
tristezia dit ekarri
Herritik urrun joanik eta
oihal beltza dut ezarri...
Bakartasunak botatuko nau
bakarrikan gabe sarri:
Hiri handian ibiltzen gara
samin eta hotz elgarri...
Nahiko nuke kartzelatikan
hegaldaka ihes egin
«Bide galduok nora doazin»
urxo griseri galdegin...
Baina eskuko erhi artetik
ur xirripa zait aldegin;
Harek oraino aintzira urdin
sakonean du atsegin...
Gauaz ametsez ikusten ditut
herriko mendiak sutan
Hego haizea ari delarik
hostoak hartuz bertsutan...
Gauaz ametsez begiak zaizkit
urez gainditzen batzutan
Nagolakoan erdi-galdurik
herria fidantza zutan!
Haize hegoak euskal lurrari
emana dio indarra
Sor arazi du mendetan zehar
bizitzarako pindarra!
Hiri grisean nere arima
bortxatuz sartu iparra,
Haize hegoak atera beza,
ikus dezadan izarra!
Hego aireak argitzen gaitu;
ni ere argi nezala,
Zeru gainean eguzki gorri
biga balire bezala...
Eta neguko elurrak urtuz
lurrak darion gesala
Otsail mineko hego zoroak
garbituz lehor dezala!
Maite dut maite hego orroan
mendiko haritzen malda...
Moralista ez dadila gero
gaurko bertsuez asalda,
Idazten badut: hegoak dakar
maitasun obraren Balda
Eta biluzten banaiz orduan
senditzeko haren kalda...
Nere herria irriz ari da
urrian larrazkenean
Iratze gorri hoien gainetik
urxoak lohazkenean...
Etxeak ere bozkariotan
sartzen dira azkenean
Sua pizturik haurrak beroan
uroski ditazkenean...
Sinesten dut bai hego haizeak
nauela berriz sortuko
Larrazkenetan joanen ez dela
treinikan basamortuko...
Bide zabal bat zorionari
diot orduan lortuko
Eta nekeak bururaturik
hitzik ez zait agortuko...