Erdiaroko hiri
Borda, Itxaro
Hiri hontako karrika zabal
zabaletan ba nabila,
Jenden artean dutan antsia
hil dadila, gal dadila!
Begiak hetsiz lasterka noa,
nola ihesle abila;
Ordea nere buruan haren
usaina trostan dabila...
Ahantz dezazket bizi nerean
pasatu diren orenak,
Txarrenak segur, baina berdinki
oraindinoko onenak,
Gogo zokoan begiratzeko,
beldurraren zoro denak,
Elkarrekilan erre orduak,
kafe eta tren ozenak...
Tren geltokiko ostatuetan
hartu ditugu bi kafe,
kafe beroak, kafe lasterrak,
gozotasunaren labe;
Azken hurrupa irentsi eta,
bereztearen herabe,
Bietarik bat abiatzen da,
atzera so egin gabe...
Hura joan da, eta ni nago,
kai huts honetan bakarrik;
Zizta senditu arren, zauritik
ez dator negar zakarrik.
Ez sustatzeko, errauts zituzten
bihotzeko min zaharrak,
Sendimenaren inguma beltzek
ez dute pizten aharrik...
Trena, hegotik datorren trena,
kaiertzean da gelditzen;
Zarata luze zorrotzak ez du
ardatz zilarra etsitzen,
Altzeiruetan moztu burdina,
azkenez suaz hezi zen
Eta oraindik hegoko trenak
ez du ezer merezitzen...
Kaiertze hura, bikote askok,
luzamenez dute husten,
Zein amultsuki bat besteari
agurrak eran dituzten!
Trena emeki partitzen dela
haren soa dut ikusten,
Dirudit nere zorionetik
hemen dutala nik uzten...
Berriz, hartuko nukela trena
iparrera joaiteko,
Erdiaroko hiri handien
bihotzekn izaiteko,
Hango errege bizardunari
musu mila emaiteko
Eta gaztelu hartan harekin
gau baten iragaiteko...