Bazko Aiherran...
Borda, Itxaro
1
Baxenabarren herriak dira ttikiak bainan ederrak
Nehori jelos izaitekorik ez dauka hortan Aiherrak...
Ez ditzagula utzi ordea besteri gure giderrak
Arrozturikan Arbela eta Amikuzeko bazterrak!
2
Bazkoz hasten da udaberria herrien ohiduretan
Gizonak badu aski biziaz neguaren trixturetan
Argiarekin sortzen da ura biziaren ohoretan
Arbolak ere orduan dira jartzen ederki loretan...
3
Euzkadirentzat Bazko eguna da izigarriko besta
Ikurriņaren atzean goaz; herriak zer arrakesta!
Gure zerua erdi goibela orain ez dezagun kesta
Guziak biltzen bagara behar dugu garraitu tenpesta...
4
Baxenabarren Aiherra segur da Euskal Herri urrea
Mendi azpian belar artean xume-xumeki gordea
Belzuntzetarren gaztelu hura lurrean dohakabea
Ja Euskadiko kondaira hilen lekuko eta jabea!
5
Bazko egunaz Aiherran beti bertsolarien bilkura
Nortasunaren behar gozoa hortan dezagun eskura
Gu egon gara entzule suhar arratsaldean gostura
Agian ez da gaur agortuko bertso iturriko ura!
6
Hegoaldeko bi bertsolari ziren gureer juntatu
Ta oinharrizko Euskadi lore hazia dute landatu
Seiek dituzte herriko gaztek emanik gaiak kantatu
Gure herriak duen itxura Hitzaren bidez plantatu...
7
Aditu dugu zeru grisetik heldu zirenen kalaka
Haien ondotik esperantz'lore berri badatoz milaka;
Bi bertsolari gazteren gatik dezagun gaua balaka
Agur bihotzez, segi bidean Etxeberria ta Laka!
8
Iduritzen ait nere sarraski bizia dela zabalik
Eta zorigaitzez kantatzeko ez dut sendi aurten ahalik...
Zer inporta du gaurko ogiak ez badaduka azalik
Baldin ban6a nere bidean bakar burua apalik...
9
Adixkideak hor aurkiturik utzi nuen arrangura
Ahantzi ere iluna gabe etxen sartzeko mentura
Gelditu ginen ostatu hartan eleka denak gostura...
Gaua maite dut, haize zakarra eta mendiko freskura...