Ahetzeko Mattini
Borda, Itxaro
1
Bihotz ateak zabaltzen dira nahi bada Hitzarekin
Sua iduri muga guziak erretzen ahal harekin
Bertso itea on dela beraz aspaldi danik dut jakin
Hortakotz nik e bide berdinak hartzen ditut lumarekin.
2
Bertsolaritza ari zerauku urte hotan aberasten
Xaharrekin bat gazteak ere hor dira bipilki hasten
Aska hitzaren mezulariak baititut beti miresten
Lehen bait lehen abiako naiz Mattin Treku-ren goresten.
3
Lapurdin daude herri pollitak bai eta ezagutuak
Hemengo ziren itsas errege deitu lapur famatuak
Larrun gainetik aditu dira leminen soinu kantuak
Zeren Ahetzen Mattinek ditu erro ta toki hautuak.
4
Gur'Euskal-Herri menditsu huntan ba dira leku trixtiak
Bainan Lapurdin holako guti lagundurik eguzkiak
Urrungo bixta pentze, mahasti, zonbat bihotz pitzgarriak
Pozetan diot «Nolako toki ta halako nagusiak!»
5
Bertso milaka Xalbadorekin gure Mattin-ek eman du
Haren gogo zoin samurrarekin arras ontsa zen konpondu
Izanik ere hain desberdinak, bien artean ez zen mundu
Xalbado atzo zendurik eta Mattin zauku alargundu.
6
Kanta zuk, Mattin, oraino luzaz zure boz ozen horrekin
Euskaldun haurra jostatu dadin irria ezar erregin
Bestak omore ta arrakasta du Mattin-en bertsuekin
Izpiritu bat erne ta bizi denentzat baita atsegin...
7
Euskal-Herrian Mattinek ez du nehoiz izan ez parerik
Bai dohainaren aldetik eta bai hoin ttipi gelditurik
Zahar ta gazten, haur emazteen, ba du denen denetarik
Irri'turria heldu da beti Mattinen ezpainetarik!
8
Mattinek baitu bere bertsotan botatzen euskal oldarra
Hura iduri hamar bederen bagindUle guk beharra
Biba zu, Mattin, bertsolaria biba Mattin Aheztarra
Gaur segur gira biziko dela lerden ipartar abarra...