Abortoa (Feto-galtzea)
Bilbao, Jose R.
1
Abortoaren gaia hartuta
zerbait gura dut idatzi
hain arantzatsu eta iluna
den bide hontatik jeitsi.
Neure zalantzak hasieratik
nahi nituzke erakutsi:
-gizonezkoa naizen aldetik
ez hobe alboan utzi?-
hanka sartzeko arriskua dut,
irabazkin oso gutxi.
2
Neska-laguna, feto-galtzea
orain «modan» para zaigu
bertso-mundura ere heldu da
Txapelketa da testigu.
Neskak direla pairatzaileak (1)
gizonok ondo dakigu
baina bikote batzutan ba da
kolpe hau gogor sentidu.
Maila berean ez bada ere
zeozer ba dagokigu.
3
Politikoek hor dihardute
ahalik eta zehatzen
jakintsu eta nobel-saridun
denen eritziak batzen.
Arazo hontan enteratzeko
nondik ta nora gabiltzen
noiz entzun dugu emakume bat
bere trantzeaz mintzatzen?,
gizonezkoon gizarte hontan
ez ote dira kabitzen?
4
Gure arteko hipokresia
gorenengo mailan dago:
balizko (2) ume batzuren truke
nesken heriotzara jo.
Paternalismo faltsu honetan
ezin da bizi luzaro.
Hau arautzeko lege zabal bat
egin bazuten Lehenago
zenbat bikote-hauste ta zenba,
haur ihauli (3) gutxiago!!
5
Desiratua ez den ume bat
baldin bada etorteko
gauza burutu (4) gabeen mailan
gelditzea du hobeto.
Erabakia hartzea dago
amagaiaren menpeko.
Lehenago ere jaio badira
hainbeste zoritxarreko (5)
zer eskubide du gizarteak
beste bat sorterazteko?
6
Gure burua ere ezin da
kasu hontatik aparta
kanpo aldetik begiratzeak
Itsukeria dakar ta.
Geuregan pentsa pizka bat eta
hitzez ez izan ausarta,
geuretzat nahi ez genukeena
ibili barik ezarka (6):
nork nahi zukeen jaio amaren
borondatearen aurka?
7
Lege uzkur bat irten baino ez
hona hemen hil-kanpaiak
sotana eta tirantedunak
beti bezala anaiak.
Heuren arrebak eta alabak
ez dira txakur deslaiak (7)
-aldiz arazo bortitza dauka
diru bako amagaiak-.
Aipatu behar ote ditugu
Londreserako bidaiak?
8
Feto-galtzeak beti uzten du
amagaia bihotz-minez
trantze hortatik ahal duenak
gurago du egin ihes.
Menopausiko ta sotanadun
askok ikusi-ezinez (8)
gazteriaren kontra bota du
adur lohia (9) honen bidez:
zerikusirik ez daukatenak,
errezpetuz, ixil bitez!!