Etxaro Bordari errapostu
Bidegaray, Pierre
1
Agur eta amodie zu lagun Itxaro Borda
Zer plazera dutan ukan nola dezakegu gorda
Ditzagun beraz elgarrekilan bertso berri zenbait molda
Gure penak ditzagun denen aitzinean hemen konda.
2
Irakurtu omen duzu holaz nere parabola
Zeren gatik nere kontra zare hasarretu hola
Ohartu nauzu duzula ezkar zinez euskaldun odola
Onharzkitzu oraino zenbait zaitezen gero kontsola.
3
Adin handia duenak badaki munduko berri
Gu zaharrak otoitzean, gazteak bide hoitan kurri
Argi hastean etxean sartzela ote da ohoragarri?
Aita-amak samur kausitzez etzaitela otoi harri.
4
Uste duzu naski denak eder direla biziki
Jesus Jaunak ikusten du nor den zuzen eta gaizki
Arima onak nahiko ditu bere aldean atxiki
Tzarrak aldiz bekatorosak suzko leizerat aurtiki.
5
Gezurraren erraitea bertsutan zoin den itsusi
«Zorri» eta holakorik nun ote duzu ikusi
Barkamendua huts horrendako galda diozu Jesusi
Iduri luke zuhaur zaren mamu tzar hoiekin kusi.
6
Jainko Jaunak eman balaut niri bertsutan botere
Nere moldean erraiterat heldu nitzauzu halere
Ez dugu uste desohore den zahar izaitla batere
Ez ginuke nahi berriz hasi mundu hau ukanik ere.
7
Zure hitzek in dautate niri bihotzean mina
Xaharrek mundu huntako denbora dugula ina
Herio latzak ez du galdetzen helan zonbat den adina
Gaztia gatik kausi dirozu berdin zure xeka jina.
8
Bertsu hauiek emaiten tut egun dantzaren gainian
Gure neskak bozten dira soinua hasten denian
Badituztela ezpain gorriak, arropak labur soinian
Oinak arinki badabiltza plazan denen aitzinian.
9
«Mini jup» famatu hura utzi omen deraukute
Gure andrek hartu dute hortako aski bertute
Domai da ziren zinez ederrak itxuraz guziak gazte
«Bal» hoietan dantzatzeko gai jan gabe ere bi aste.
10
Azken hau dugu emaiten kartsuki Bernadette zuri
Bertsu hauiek ikus eta etzaitela hola eri
Bainan hargatik nahi bazinu beste aldi batez ari
Gelditzen naiz aldi huntakotz beti zure zerbitzari.