Afrikarako kantua
Bidart, A.
JOSEPEK
Begitartea ilhun, bihotza minbera,
Heldu nauzu, Felichi, adio erraitera.
Buruilean zurekin ezkondu beharra,
Ez nindagon, gaichoa, kolpe hunen beha:
Guy Mollet-ek deitzen nau felagen heztera.
FELICHIK
Ene begi hantuak hor lekuko daude:
Berria jakina dut zu hunara gabe!
Atheka gaiçhto huntan ez etsi, Josepe!
Elgarri aspaldian eman dugu fede:
Fedea fede dauke urrundikan ere.
JOSEPEK
Fedea fede dela, zuk halere nigar!
Zeren beldur zaitezke ala nadin zeihar?
Ez, ez, bihotza duket zuretzat dena khar.
Letrak igorriz dugu sustatuko elgar:
Ez zatzaizkit neholaz auhenkatu behar!
FELICHIK
Afrikak fama tcharrak irabazi ditu:
Iguzkia samin du, hezea sukartsu;
Felagen jukutriek soberachko aipu,
Ez baitzaizkote armak oraino kamustu!
Nola ez nulke behar pochi bat lotsatu?
JOSEPEK
Othoi, ez bethi pentsa herio beltzari,
Denetan aiher baita lotua deneri.
Hemen berean ere lanjer da ihaurri...
Gauden Jainko Jaunaren nahi sainduari:
Harek dio manatzen hala-beharrari.
FELICHIK
Jainko Jaunak manatzen: egia handia!
Bainan gure bihotza ez hain jarraikia!
Afrika hortan omen makurtzen jendia
Emaztek aise biltzen gizon akitia!
Eta holako zonbat ez-beharkeria!
JOSEPEK
Ez, ez, ene Felichi, ez daite Afrikan
Ederrez zu bezenbat den emazterikan!
Zu zaitut bihotzean, nehor bertzerikan:
Deusek ez zaitu joanen hain barna danikan.
Badakizu zer hitzek zuretako naukan!
FELICHIK
Madarika dezagun gerla zikin hori,
Ebasten gaituena gu biaz elgarri!
Ethor bedi bakhea bihotzen lokharri!
Ai orduan zer besta, eskerrak Jaunari!...
Ordu arte, Josepe, musuño hau bahi!