Bi karbatxo
Batiz, A.
Bi karnabatxo ikusi nitun
Zugazti baten jostari,
Beren arteko maite-asmoak
Alai esaten alkarri:
«Asi gaitezen lastoak biltzen,
Txotxak lenbaitlen ekarri,
Kabi txukun bat egin dezagun,
Ta bertan arrautzak jarri...
Gero, maite, zu, etzango zera
Arrautzatxoak berotzen...
Antxe orduak igaro bear,
Txitoñoak ateratzen...
Ta oiek jaio zaizkigunean,
Ariko naiz denok zaintzen,
Soro, landetan zu ta umeentzat
Jaki goxoak billatzen...».
Or bukatu zan bi txori aien
Alkar-izketa gozoa,
Ta bereala gogoz asirik
Kabi-egite arloa,
-Egun batzuek geroxeago
Einda zegon kabitxoa,
Baita bertantxe biamunean
Lenengo arrautzatxoa.
Arin eldu zan bestea ere,
Ta karnabatxo emea
Arrautz gaiñean artaz etzan zan,
Bete arteño epea,
Ta epe ori bete zanean
Jaio zan txorikumea,
Berealaxe agertuko zan
Aldamenean bestea.
Pozaren pozez karnabatxoek
Ekin zioten kantari:
«Eskerrak eman dagizkiogun
Jaungoiko Egilleari,
Guri biori egin baidigu
Gaur bezuza ta opari...
Gure abesti eztitsuenak
Bijoazkio Berari».
Eta ementxe buka zait nere
Karnaba-kondairatxoa;
Zuen biontzat iduritzen zait
Egoki, aukerakoa.
Ipui ontako txorien antzo,
Poz ta zorion osoa
Izan zazute, beti zuekin
Lagun dalarik Jainkoa!!!