Oroimena
Basurko, J.
1
Ondarrabi-ko, Jaizkibel mendi,
Zabal artan, jayo nintzan,
Nik ez nekien, gazte denboran,
Erriko bizitza zer zan...
Artzai txistu, ta txori abesti,
Besterik entzuten etzan...
Jai egunetan, Erririk gora,
Nor-edo nor, irixten zan,
Gañerakuan, jolasten nintzan,
Eliz aurrean, pillotan.
2
Zembait alditan, eraman nion,
Nere amari, gobara,
Itxas aldeko iturritxora,
Beko erreka txokora...
Juaten nintzan txotxak biltzera,
"Guztiz-eder" ko oyanera,
Gibel urdiñ, ta xixa gozoak,
Bildu izan ditut kolkora,...
Orduko, nere ibillera ayek,
Etortzen zaizkit gogora.
3
Birian dator, iya iritxida,
Iraillaren zortziya,
Ondarbi-tarrak, Erriko festak,
Egiteko berexiya,
Egun orretan, Guadalupe-ra,
Juango da jende guziya,
Zar, eta gazte, paketzu, ta alai,
Naiz atera izerdiya,
Ordu batzutan pozez beterik,
Ni jayo nintzan mendiya...
4
Goizeka intza gozoa artuaz,
Iges egiñaz Erritik,
Nire juango naiz, mendiyak gora,
Bire polit-txo batetik...
Eliz aurreko zugaitz maiteak,
¡Arren! egon bitez zutik,
¡Inguru artako, lagun zar ayek,
Maite bai ditut gogotik!
Nere burura ekartzen duten,
Oroimen gozuagatik.