Gabonak
Baraiazarra, Luis
1.
Neguaren barnean
haize hotzak xixtu...
mezu onik dakarren
gaur ezin sinistu:
trumoi-hotsa nonnahitik
ekaitzen arrisku,
baina Belenen zaigu
ixarño bat piztu.
2.
Beti bezala apain
alaituz begia,
aurtengo Gabon festak
heldu dira ta;
denok pozez jartzea
kantarion lehia,
han-hor-hemen zabaldu
Eguberri deia.
3.
Argia iragarriz
jaiki da oilarra,
berri onak ematen
kantari goiztarra.
Zeruan dirdirka da
goizeko izana,
Jaiotzaren seinale
argitxo goitarra.
4.
Txantxangorri ttiki bat
haritz adarrean
aireko geltokian
kantu-marmarrean...
Guk ere pausaldi bat
sehaska aurrean
Haurtxoa sortu da ta
Belengo lurrean.
5.
Sukalde epelean
ipuin eta abesti,
aiton-amonak pozez
umeak amesti,
aita-amak ere gaurkoz
umorez jolasti...
ezin ahaztu sekula
Gabon-giro ezti.
6.
Jaioberri pottolo
kumatik irrika,
ixarñoa jostari
zerutik ñir-ñirka,
Aingeru aldra, berriz,
poza aldarrika,
kanpaitxoek dantzari
bezate errepika.
7.
Asto eta idia
hortxe lokuluxka
txit mantso eta mazal
ondoan daduzka;
begiz daude dastatzen
zerutiko puska,
jainkoaren baratzak
eman duen uzta.
8.
Belengo haur ttikia
da gure altxorra
lurrean erne zaigun
maitasun sarkorra;
entzuten ari gara
musika jatorra:
Aingeruen txirula,
anzainen danborra.
9.
Jaiotzak betetzen du
egun hau urtero,
erregaluz beterik
dator Olentzero;
Gabon ta Urteberri,
Erregenak gero...
jo dezagun pozarren
soinu ta pandero!
10.
Laster garai hobeak
badatoz, agian,
jai hauek piztu duten
zorion-argian,
herrientzat bakea
batasun harian,
hori opa dizugu
jaion atarian.
11.
Hor zaude maite-loan
sotil eta guri
zeruak eman digun
esperantza xuri,
jainkoak jantzi duen
ahultasun-iduri;
Haur polit hori, gugan
bakea isuri.
12.
Zugandik datozkigun
keinu eta irri
mundu triste honentzat
zorion-iturri;
kantari hauen partez,
niki polit horri,
beti bezala agur
ta ongi etorri!!
|