Hnuy illa nyha majah yahoo


Gabriel Aresti

Izugarri ateratzen dituk baforak errioaren sarreran,
berandu arribatu dituk
portura burdin herdoildu eta kristal
lausotuak deskargatzera.
Artean Zorrotzako eskolan hire poemak klasean ( klasikoak
edo, klasekoak behintzat) irakasten ditiztek.
Modaz pasatako eskritorea haizela esaten dik lehenagoko
iraultzaile irakasle bihurtuak,
hire kemen antzua laudatzen dik, tituloz eta zitaz karga
karga eginda,
gomazko zapatakin harbelpean paseatuz, zapaltzen duen guzia
gomazkoa bailitzen.
Ume aspertuak eskola-leihotik errioruntz soegiten dik
eta errio bazterreko fabriketatik mendiruntz.
Eta han mendian larre magalean umeak harri bat
erreparatu dik, eserleku bat.
Harrira inguratuko duk eta, letra irakurriz, harginen
berba sekretua dezifratzen saiatuko duk.
Harria? Poesia? Esanahiez kargaturiko mututasuna?
Poeta Hilen Errepublikaren
fundazioko akta? Haur aspertuaren ikasgelaz lekoreko
bestetaratzea?

Oraindik, Gabriel, indartsuena duk legea eta
altza ezineko lausa ezarri ditek hire hilobi gainean.
Oraindik, hire hilarrian, ibiltariek estropozu egiten ditek,
ume bat baino ez duk jakinminez inguratu.

Eta aurrerantzean ere heu bezalakoak izanen gaituk
euskal poetak,
halako ekibokazio bat, behin behineko hezurraragia,
harria, harea, aidea,
ezer sostengatzen ez duen arbola adarra.




Txabi Etxebarrieta eta gu ordukoak


Gaur, 1968ko ekainak 7, oraindik haurrak gaituk
goizean.
Gugan erreparatu duk? Koloretako mantxa hau gaituk
etxalde bazter honetan
tiragoma eta erdi-banatara, justizia eta lapurretara,
ezkutatzera eta salbotara jokatzen.

Gure albotik gure jolas gerrilei begira
pasa haizelarik agian otu zaik
iraultza soziala eta gure herriaren
independentzia,
ekartzekotan, haur harmatuek ekarriko dutela
esku tipi eta egurrezko urkuluez.

Gure albotik pasatu haiz, gu gerriletara
jolasten garen artean,
pasatu eta, hurrinduz, han goiko izar hura bihurtu haiz?

Gu ere odolez ordaintzen diren jokotara
pasatuko gaituk…

Goardia Zibilek gure auzoa inguratu zuten
egun haretan bezala
gaur, ekainak 7, ilunabarrez dirdiratu egiten haiz,
gau zohardian
antzina hil arren dirdiratzen diren izar, oraindik
dirdiratzen diren izan hurrinak bezala?


Iheslariaren ekipaia

Balizko paradisutik egotziak, benetako
infernutik itzuriak,
aldean daramagu erregunea. Nagusiek gu bizirik
ala hilda
harrapatzeko aginduak zabaltzen dituzten artean,
lagunek aterpea ematen digute.
Sorterriko albisteak igurikatzen ditugu,
irratiak ez du berririk eman;
iada aspaldian, udan, aittitte hil zen,
ez jakin amama biziko den oraindik.
Hainbeste aduanatako goardiek errekistaturiko
maleta ohepean utzita
leiho parean eseri eta soegin dugu kanpora:
elurraren jauzkera.
Beste gramatika bat ikasi dugu, halaere hatzamarraz
seinalatzen gaituzte: " Hori arrotza da".
Ez gara egundo itzuliko apika, itzuliko ginela
zirudien lekura,
itzuli nahi genukeen lekura, gure sorlekura
ez ezik, geu ere aldatuko garelako.
Ez zaigu ba ezpain mututako mintzaira hau
elur birrin hori bezala jauziala urtzen…
leihotik behatzen dugu kanpora, elurbustia
estartak estaltzen.
Etxeak, ihes egin behar laitz, ate bat
eta hiru leiho.








[Esperientzia pertsonalean oinarrituriko broma bat da. Euskal Herritik heldutako egunkari-anuntzio batzuetan bbk irakurri eta enigma bat egin zitzaidan, zer ote zen bbk hori. Euskaldunek arkano eta kriptograma asko erabiltzen duzue, ez zarete nik utzi zintuztedanean bezain jende tolesgabe eta arrunta. Propaganda ere apur bat arraroa egiten duzue batzuetan, eta horixe ba, bbk zeren sigla ote zen, eta bihotz bakartien klubarena otu zitzaidan]

Joseba Sarrionandia

bihotz bakartien kluba