Hezurrezko xirulak


-Sumeriar taula zaharrak-

" Sumerieraz eta idazkera kuneiformez, sumeriar taulak dira, dudarik gabe, ezagutzen diren testurik zaharrenak". Cf. Samuel Noah Kramer, From the Tablets of Sumer.


Pobrearen bizimodua


Pobreak hobe luke hiltzea
bizirik irautea baino:
Ogirik ez duenean, ez du gatzik,
gatzik ez duenean, ez du ogirik,
haragirik duenean, ez du bildotsik,
bildotsik duenean, ez du haragirik.



Amodiozko kanta

Senarra, ene bihotzak maitatua,
ederra zara, eztia bezain gozoa,
lehoia, ene bihotzak maitatua,
ederra zara, eztia bezain gozoa.

Zuk gatibatu nauzu, utz nazazu zure aurrean
artega egoten;
senarra, eraman nazazu ganbarara.
Zeuk gatibatu nauzu, utz nazazu zure aurrean
artega egoten;
Lehoia, eraman nazazu ganbarara.

Senarra, utz nazazu laztantzen;
Ene amodiozko laztana eztia baino lehunagoa delako.

Ganbara eztiz betean,
zure edertasun paregabe hori goza dezagun;
lehoia, utz nazazu laztantzen,
ene amodiozko laztana eztia baino lehunagoa delako.

Senarra, plazerra jaso duzu enegan,
esaiozu gure amari, eta berak gozokiak eskainiko dizkizu,
esaiozu gure aitari, eta opari ugari ekarriko dizu.

Zure arima, nik badakit zelan alaitu zure arima,
senarra, lo egin ezazu gure etxean
egunsentira arte.
Zure bihotza, nik badakit zelan alaitu zure bihotza,
lehoia, lo egin dezagun gure etxean
egunsentira arte.

Zuk, maite nauzunez gero,
emaidazuz, otoi, zure laztanak.
Ene jainko jauna, ene babesaren jauna,
Shu-Sin enea, alai ezazu Enlilen bihotza,
emaidazuz, otoi, zure laztanak.


- Kalevala-


Kalevala - heroeen lurraldea- suomitar poema nazionala da. Finlandia edo Suomi delako herriak Erdi Haroz geroztik suediar zapalketa jasatzen zuen, suomiera galtzen ari zen, kultura ofizialetik baztertua, zoko apartatuetara urritua. Zacharias Topelius biltzailearen bidea segituaz, Elias Lönnrot filologoak Suomiko geografia guzia errepasatu, leienda epiko andana bat jaso, Arjip Perttunen bezalako bardo zaharrak oraindik bizirik bait zeuden, kantuak ordenatu eta XIX. mende erdira orduko argitaratu zituen. Epopeiak hogei milatik gora lerro ditu, berrogeita hamar runa edo kantutan, oktosilaboak, errimarik gabe baina alternatiboak, imajina eta ideien paralelismo ugarirekin. Obra honek garrantzia handia ukan zuen suomitar herri menperatuaren harrotasun nazionalaren errekuperazioan eta literatura berriaren bilakaeran. Hemen transladaturiko zatian Waïnämöinen heroe eta bardoa, zauriturik eta odola dariola, orbantze erregu bat errezatzen ari da.

Euskal bertsioa, Helsinkin bizi den Kepa Zenikak egina da.

Odolari erreguak

Odola, ez hadi isuri gehiago
ez barreia gehiago taupada hain loditan,
ez nazak gehiago erreka bahintz busti,
ez jo gehiago ene saihetsa.
Odola , hago harresi baten antzera,
zuhaitza bezain geldia,
hago harria goroldioan bezala,
arroka bat larreko maldan bezala,
harkaitza ibai ertzean bezala.

Baina azkarrago isuritzeko gogoa
nagusitzen baldin bazaik, orduan hoa
baina ene haragian barrena, isuri hadi
ene hezurretara. Honela hobe duk
heuretzat, ederragoa duk
larruaren barrukaldean irautea, zainetan
zurrumurruz ibiltzea, hezurren artean
isuritzea. Lurrean barreiatu eta
lohi artean arrastatzea baino
ederragoa duk gorputz barruan ibiltzea.

Esnea ez duk lurrera isuritzen,
ez odol errugabea larrera,
ez gizonen edertasuna belar artera,
ez heroeen urrea muino bazterretara,
bihotzean diagok hire lekua,
birikiaren azpian hire harpea,
itzul hadi berehala haraxe,
buelta hadi berandu izan orduko,
hi ez haiz errekara horrela joateko,
ez haiz lakura hainbeste zabaltzeko,
ez haiz iturria hain bortitz sortzeko,
ez haiz hi uretan hondatzen ari den
itsasuntzi zaharra.


- Cesar Vallejo -


XII poema

Bataila bukatzean
eta gudaria hil zelarik, lagun bat inguratu zitzaion
esanaz: " Ez zaitez hil, hainbeste maite zaitut!"
baina ai, gorpuak hilik iraun zuen.

Bi lagun hurbildu zitzaizkion
eta errepikatu zioten: " Ez gaitzazu utzi! Itzul zaitez bizitzara!"
baina ai, gorpuak hilik iraun zuen.

Hogei, ehun, mila, bostehun mila hurreratu ziren
deihadarka: " Hainbeste maitasun, eta heriotzaren aurka ahalmenik ez!"
baina ai, gorpuak hilik iraun zuen.

Milioika pertsona heldu zen
erregu bakarrarekin: " Gera zaitez gurekin, laguna!"
baina ai, gorpuak hilik iraun zuen.

Orduan, munduko jende guziak
inguratu ziren; gorpu triste, hunkituak
ikusi zituen; astiro astiro zutitu eta
lehen laguna besarkatu zuen, eta oinez hasi zen…



- Salvatore Quasimodo -


Gutuna

Isiltasun geldi hau karriketan,
haize indolente hau orain
hostoen artean
irristatzen edo atzerritar banderen
koloreetara igotzen dena…
Oraindik hitzen bat esateko antsia
zerua beste egun baten gainean
zarratu dadin orduko… Bizitza
ez da bihotzaren taupada gotor,
izugarri hau besterik, ez da odolaren
joko hau besterik,
non eta loratzen bait da heriotza.
Ai, ene gazela goxoa,
metrailaz josiriko harresiaren bazterrean
geranio bat biztu dela esan nahi dizut.
Ala maitasunagatik hiltzeak ere ez die gaur egun
biziei kontsolamendu ematen?







[Esperientzia pertsonalean oinarrituriko broma bat da. Euskal Herritik heldutako egunkari-anuntzio batzuetan bbk irakurri eta enigma bat egin zitzaidan, zer ote zen bbk hori. Euskaldunek arkano eta kriptograma asko erabiltzen duzue, ez zarete nik utzi zintuztedanean bezain jende tolesgabe eta arrunta. Propaganda ere apur bat arraroa egiten duzue batzuetan, eta horixe ba, bbk zeren sigla ote zen, eta bihotz bakartien klubarena otu zitzaidan]

Joseba Sarrionandia

bihotz bakartien kluba