Hau da ene ondasun guzia


Ostegun gau bat izango zen Joseba Sarrionandiarekin Deustutik Barrenkale Barrenara ibai ertzetik lehenengoz joan ginenekoa. Ondo gogoan daukat gau hura. Ilunkerak halako edertasuna erdiesten zuen udagoienean zuri beltzeko Bilbo nahasi hartan, oraindik portu itxura zuen moila inguruan.
Egun pare bat lehenago jakin nuen nik Joseba Sarrionandia zela " bildotsa" deitzen genuen soziologia ikasle haren izena. Ez nekien bera zela guk ezagutu nahi genuen idazlea, Zeruko Argian halako ondo idatzitako artikuluen autorea. Berehala eman nion, nola edo hala, gure asmoen berri eta bageneukala bileratxo bat eta berehala eman zidan baiezkoa. Halaxe abiatu ginen Zazpi Kale aldera ostegun hartan, berbetan: literatura orri batzuk atera behar genituela eta komeniko zela astero elkartzea eta Pott deituko geniola taldeari, ez, hobeto esanda, bandari, eta gau hartan ezagutuko zituela gainontzeko lagunak. Iñakiren tabernara heldu eta hantxe zeuden, bai, Bernardo Atxaga, Joxemari Iturralde eta Jon Juaristi. Hango elkarrizketak ezarri zuen osteguneroko bilera emankor haien oinarria. Hurrengorako Josebak berak ekarri zuen Manu Ertzilla eta holaxe hasi genituen eztabaidak, lanak eta afariak: jende ezberdina joku baten inguruan. Behar baten inguruan. Galtzekorik ez edukitzeak ekartzen duen benetakotasunez esaten genion elkarri: " Kontsumoaren aurka, kreazioa".
Urteak iragan dira eta orain " Los Pinillos" itsasontzien mollean Museoaren eraikuntza enblematikoa dago. Iñaki bera ere ez dago afari osagarri haiek eskaintzeko. Akabo osteguneroko bilerak. Ezin dugu Sarri ikusi.
Gauzak ez dira samur izan orduko askorentzat baina Sarriren ibilbideak eguneroko bizitzaz haruntzago eraman du idazlea. Hona pertsonaiaren biografia baterako hainabt kapitulu: T.S Elliot euskaratzen zebilen militante iraultzailea. Konpromezua. Borroka armatua. Gartzelako urteak. Iheslaria: " Preso egon denaren gogoa / gartzelara itzultzen da beti". Apatrida. Eta ororen gainetik, idazle sortzailea. Kreazioa.
Orain Joseba Sarrionandia ez da soilik bere lagunen lagun edo bere etsaien etsai. Bere obra Josebak bizi duen infernuko zirkuluetatik gaindi hedatu da, eta euskal literaturaren erreferente haundi bilakatu da. bere liburuak urrutiko gutun onuragarri gisa jasotzen ditugu irakurleok. Plazerra hartzen dugu bere poesiarekin. Izutu ere bai. Izutu, idazlea inondik ari zaigulako, zaila egiten zaigu presagioak interpretatzen.
Neure moduan baldin bazaude, oraindik ez baduzu Joseba Sarrionandiaren testuekin osatu duten diskoa entzun, har ezazu gogotik, har ezazu bere irakurle guztion tributotzat. Ziur nago inoiz bere testurik kantatu dugun guztion izenean esan dezakedala Josebaren pomeak musikatzea, kantatu ahal izatea, benetan hunkigarria dela. Haruntzago joatea da.

Ruper Ordorika




Martin Larralde

Larre berdeak, etxe zuri teila gorriak,
jendarme auto
bildots artean pasatzen.
Etxe elizetan otoitzak,
betiko otoitzak neguko kearen antzera
lehun igotzen.
Martin Larralde ez da sekula itzuli,
baina itzuli balitz
( arantzak barrurantza itzuliak lituzkeen
sagarroia bezala)…
Itzuli izan balitz, zer? Gaur igandea da,
larre berdeak,
etxe zuri teila gorriak, jendarme autoa bidean
Bayonne 17 panopetik.
Jendea familia erretratuetan bezala
larritasuneraino
perfumaturiko arima erakutsiz doa mezara.
Inork ere ez du
( dena ohitura, dena errua, dena barkamena)
oroimenaren
korapiloa deslotzen. Inork ez du
koblakaririk behar…

Martin Larralde honelako egun batez hil zen
galeretan,
begiak zabalik etzanda, agian zerua
itsaso zikin bat dela esanez.




Harriak eta herriak

Munduan bada bazter bat ( ez genuen guk sortu orduko hautatu)
gure herria erizten duguna. Eta mundua guzia da gurea
gure herria geurea bada.
Baina guk harri bustiak sartu genituen
gure boltsilo zulatuetara.
Egin genuena ez zen beti izan
egin behar genuena,
hildakoak eta distantziak ugalduz
joan ziren,
eta gure herriaren sei mila halakoa den
mundua mugarriz pikatuta dago.

Mugetan, Henri Rousseau aduaneroak nondarrak garen
eta noruntz goazen galdetuez gero
gure harri bustiak erakusten dizkiogu:
" Harri hau, uharri hau ikusten duzu,
halakoa zen gure etxea…"

Inongo lur nehurtzaileak, ez den herrialdearen
kartografoak gara.
Egunak atzoz bete zaizkigu, geure oinen bila
gabiltza.
Gogoratzen duzu, galdu genuen aintzinako
sorterri hura?

Harriak ditugu baina ez dugu herririk.
Harriak ditugu
boltsilo zulatuetan, baina ez dugu inon eraikiko
betirako etxerik.
Harriak ederragoak al dira
harresian?


Ene begiek

Ene begiek ez dute malko isuritzeko gogorik,
denik eta bizitza bakarra bizi dutelako. Entzun,
astiro doa denbora, idi gorrien gurdi hori.
Begira erlojuetako orratzak uneka herdoiltzen.
Zenbat gauza utzi dudan estarta bazterretan
edo laku urdinen hondoan, bizitza bakarrean,
eta zenbat aldiz galdu naizen behelainotan
basoilar izateko ametsetan dabiltzan kurloiekin.
Ene desirak iada ez dira habia abandonatuak besterik
ene bihotzean. Eguzkia gurpil ahul bat da.
Ez dezadan gehiago entzun, begiratu, ez pentsau,
bizitza hau bakarra delako, gal ez dadin, ibili ez
eta sentitu ere ez, harriak lez izan nahi dut,
mendea eta segundua gurutzatzen diren lekua,
lekua besterik ez izan, hurrin deritzan aberrian.



Gereziak jateko sasoia

" J`aimerai tojours le temps des cerises
c`est de ce temps là que je garde au coeur
une plaie ouverte…"

Jean Baptiste Clement



Baina ez da gerezirik inon ikusten.
Sasoia iritsi da, maiatza eta uztaila bitartea da
gerezien sasoia,
martxoan eta apirilean loratzen bait dira arbolak,
baina ez dago gerezirik.
Gerezi sasoian gaudenez gero ona litzatek
gereziren bat ikustea,
gerezi gozoak, edo gerezi garratzak sikiera.
Gerezi gozoak gorriak dira
eta garratzak horiskak; gereziondo garratzak berandu
loratzen dira, gozoak goizago.

Baina gaur egun ez da ikusten gerezirik
ez gereziondorik.

Gereziondoari lur berezia komeni zaio
ondo hazteko,
ez dira edozein lurretan hazten batez ere
gerezi gozoak.
Gerezi garratzak gozoak baino aisago
hazten dira,
lurrak baldintza egokiak ez dituenean ere
ematen da gerezi garratza.

Gaur egun ez da ikusten gerezi gozorik
ez gerezi garratzik.

Geraziondoa ipar haizeaz babesean landatzea da egokiena,
lurralde lehorrean ez da ondo hazten
lurralde lehorreko gerezia
tipiegia izaten da.

Ez da ikusten gerezi handirik ez gerezi tipirik.
Gerizondoak landatu beharko dira.

Lurralde lau eta bailaretan izotzak jotzen badu
oso kaltegarria da.
Negu azkenaldeko edo udaberriko izozteak dira
kaltegarrienak.
Uzta, urtean zehar egiten duen eguraldiaren
araberakoa izaten da,
baina azken unera arte zaila izaten da jakitea
zelako gereziak bilduko diren.

Auskalo gerizondoak hazi eta loratuko diren.
Sasoiak helduko dira,
sasoiak heldu dira, baina igual ez dugu
gerezirik izanen.







[Esperientzia pertsonalean oinarrituriko broma bat da. Euskal Herritik heldutako egunkari-anuntzio batzuetan bbk irakurri eta enigma bat egin zitzaidan, zer ote zen bbk hori. Euskaldunek arkano eta kriptograma asko erabiltzen duzue, ez zarete nik utzi zintuztedanean bezain jende tolesgabe eta arrunta. Propaganda ere apur bat arraroa egiten duzue batzuetan, eta horixe ba, bbk zeren sigla ote zen, eta bihotz bakartien klubarena otu zitzaidan]

Joseba Sarrionandia

bihotz bakartien kluba