Narrazioak
Arima naufrago bakartiak
Marinelek, ekaitzak irla mortu
batetara jaurti dituenean, itsas
galeraren hondakinez berregiten
dute txalupa eta ur berberetara
sartzen dira berriro.
Herman Melville
Liverpool. 1814ko urriaren hamazazpia, Acushnet itsasuntziko marinelek ez zekiten
zein zen heuren bidaiaren helburua, Afrika hegoaldetik iragan behar zutela salbu.
Beltzez jantzitako agure batek, "deabruarekin itsasoratzen bahaiz berarekin
egin beharko duk bidaia" esan zion grumeteari, kaian, baina mutikoak ez izon
errefrauari garrantzirik eman. Eguerdirako belak zabaldu eta, haizea aldeko,
abiatu ziren hegoalderantza.
Belak beterik, uhainak laban bortitz batez bezala ebakitzen ziren untziaren
aurrean. Kalatxoriek, hagen artetik silioka, luzaroan lagundu zuten, eta izurdeek
ere, egun oskarbi eta gau izartsuan, bidaien arnasa den brisara hozkirriarekin.
Gorputz indartsu eta harro bat zen Acushnet izeneko belero hura itsaso zabalean,
bere merkatari eginbideetarik ez okertu ez berandutuko zenik ez zirudiela.
Lehen goizaldean marinel irlandar bat zegoen lema zaintzen. Kriseilu ahul baten
antzera argitzen zuen ilargiak, uretan zilarrezko bide bat erakutsiaz, haizea
suabea eta hotza, izarrak beren azken keinuak egiten, olatu malenkoniatsuak.
Lemazainak dei misteriotsu bati amore emanaz, zilar bidera gidatu zuen untzia.
Marinel irlandarra leman zegoen oraindik, gaua egun bilakatu zenean, eta ekialdean
ortzea eta ura larrosen koloreaz tindatzen ikusi zuen. Lehorra urrun utzia zuten
eta ez zen inguru guzian itsasertzik igartzen.
Egunsenti hura ez zen izan besteen gisakoa, baina ez zen untzi haretako inor
ohartu. Argi hastearen ederraz eta itsasoaren bareaz mintzatu ziren batzu, baina
garrantzirik eman gabe. Zerbait gertatzen ari zelako zeinuak, halaere, ugari
ziren. Kalatxori bat agertu zen branka aldean hilik, zauririk gabe. Eskoziar
marinel batek sorterriko kantu bat abestu nahi ukan zuen, eta ahazturik zedukan.
Upeletik ura hartzera joanik, hatsa zerion urari, eta ezin zen handik edan.
Zerbaiten zeinu nabarmenak ziren, baina ez zituen inork aintzat hartu. " Ekaitza
ekarriko du" esan zuen soilik, marineletarik batek.
Eta arratsalderako ekaitza ekarri zuen. Lei haize bat ailegatu zen lehenengo,mastak
bere zurrumurruaz ikaratzeko, hodei beltz eta erraldoi batzu gero, eta olatu
izugarriak. Belak tolestu eta zain geratu ziren. Goibeldu eta dardaratu egin
zen itsasoa, munstro izugarri bat bihurtu zen laster, eta untzia ez zen han
intxaur azal bat baino.
Uhainek untziaren gainetik egiten zuten salto, otsoek arditegietako atramaden
gainetik bezala. Goraka eta beheraka beldurgarrietan, Acushnet hura, lainoak
ukituko zituela zirudien batzuetan eta, uretan murgilduta, hondoko harea joko
zuela bestetan. Zur ahulezko hormen barruan, itoko zirela pentsatu zuten marinelek
gau osoa eta goiza iraun zuen galarrena amaigabe haren erdian, eta otoitz ere
egin zuten guti batzuek. Finean, atertu eta, arratsalde barean agertu ziren
berriro.
Itsasoa bare, baina bezperara arte bortitz eta harroa izandako belauntzia hondaturik
zegoen, masta nagusiak erauzirik, untzigaina itsasbelarrez lohiturik. Marinelek
herioak kolpatu baina eraman ez zituelako alegrantzia nerabeaz begiratzen zuten
elkar. Zerua erori bailitzen, itsasoa ere urdin gardena zen, ez zen igartzen
ortzemugan marrarik. Eta eguzkiak tanta borobil eta gorri bat zirudien, ez goian
ez behean, baizik eta beste untzi bat bezala, estriborrean. Marinelek galerrenan
galdutako lagunen izenak eta gauzen zerrenda eman zizkioten kapitainari.
Masta handiak hautsirik zeudenez, haga tipietan zabaldu zituzten belak, baina
alferrik, ez bait zegoen haizerik. Ez zegoen haizerik gutiena ere, eta heuren
bela urriak etxe barruetako gortinak baino gutiago buztutzen ziren. " Asaldatu
eta loak hartzen duen monstruoa da itsasoa" esan zuen marinel zahar batek. Egunak
egin zituen lotan.
Gose eta egarri zeuden. Ganbaretako balisak ireki zituztenean, arrez beterik
eta usteldurik aurkitu zuten janari guzia, eta uretara jaurtik zuten. Ganbaran
whiski botilak geratu ziren soilik. Jaurtitako usteldura urazalean geratu zen,
eta marrazoek irentsi zuten laster. Marrazo haietariko bat harpoiez harrapatzen
entseatu ziren marinel batzu, baina ez zuten batere lortu. Ez zegoen arrainik,
ez hegaztirik, urik ahora eramateko. Urik ere ez, han, itsasoaren erdian.
Gau batetan eskoziarra harrapatu zuten ganbarako whiski botilak ohostutzen.
Popan kateatzeko agindua eman zuen kapitainak. Edanik zegoen, behar bada; belero
hura beso txar batek gidatua zihoala oihukatzen zuen, eta eskoziar kantu berroroituak
abesten. Kapitainak masta nagusian urkatzeko agindu zuen, aspaldian galdu zela
ohartu gabe. Baina urkatu zuten, berdin, atzekaldeko hagan. Eskoziarra, oihuka
eta kantuan, ez zen isildu zintzilik geratu zen arte. Gainerako marinelek, isilik,
maindire zuri batetan bildurik jaurti zuten itsasora. Baina ahaztu egin zitzaien
berun zatiren bat gehitzea eta gorpua urgainean geratuko zen egunetan, belero
geldoaren aldamenean.
Haizerik altxatzen ez zuenez,txalupa jetsi eta untzia ahalbait arraunez garraiatzea
deliberatu zuten. Halako batetan albatroak agertu ziren. " Hegaztiek ez dute
zuhaitzik itsasoan pausatzeko" esan zuen kapitainak, eta lurraren bila abiatu
zen Acushnet hondatu eta ahul hura. Ekialderantza joan ziren bi egunez, eta
sartalderantza, baina alferrik. " Hegaztiek ez dute itsasoan zuhaitzik pausatzeko"
errepikatzen zuen kapitainak, lantzean behin, begiak usoek bezain zabalik.
Gau batetan, grumeteak argitasun arraro bat igarri zuen baborean. Hurbildu eta,
irla bakarti bat zen, baina sumendia. Zenbat eta argitsuagoa zen gauez hainbat
eta ilunagoa zen egunez, eta ezin zitekeen irlatxo sumindu haretara gehiago
hurbildu, harri urtu eta goria jeisten bait zen bere inguru guzian itsasoraino,
uhainak behelaino bero eta sarratua bihurtuaz. Behelainotan galdu zen untzia.
Beste lehorrik ez, behelainoa atzean utzi zutenean ere, itsaso loak hartu, edo
mortuan. Hondatu eta etsiturik zihoan eskifaia, brankan etzaten ziren batzu,
begiak lausotu arte ortzemugara begira. Albatroak beldurrik gabe hurbiltzen
ziren, soketan eta egurretan pausatzeko, eta heuren begi zabalez begiratzen
zituzten marinelak, mutu, sekretorik batere adierazi gabe.
Doi bat berritu zen esperantza beste itsasontzi bat hurreratzen ikusi zutenean,
kantu bat ere entzun uste zuten handik, baina abordatu zutelarik, ez zegoen
inor han barruan. Aspaldian naufragaturiko baleuntzi euskalduna zela esan zuten
kapitainak. Baina inor ere ez zen ausartu barruak errekistatzen eta jitoan utzi
zuten, fatu txarren bat ernegatu beldurrez.
Gaisotasuna zabalsu zen marinelen artean. Larrua lehortu eta hezurretan atxiki,
gorputza artega eta begiak ezin hertsi. Egun bitan hil zen kapitaina, kalentura
eta oinazetan, eta gero beste lau jaurtik behar ukan zituzten, maindirez estali
gabeak azken biak. Goruntz begira hondoratzen ziren, astiro eta goruntz begira,
ur gardenetan behera, itsasbelarretan galdu arteraino.
Itsasbelarrena da itsasoen margoa, eta ubeletik itsaso gorri batetara iragan
zen Acushnet bentzutua, mugazainik aurkitu gabe. Alditan ez zen batere haizerik,
alditan brisara mehe batek bultzatzen zuen, bela tipik buztuaz. Hegaldatu egiten
ziren albatro zuri eta mantsoak, eta beste batzu itzuli.
Oskarbi urdinak eta zohardi izartsuak ordezkatu ziren, larrosa usaineko oskorriak
bitarteko. Eta xistu doinu bat entzun zuten.
Xistu soinu malenkoniatsu eta izugarri bat heltzen zen hurrineko irla batzutatik,
zeinek urgainean kulunkaturiko errauts piloa ziruditen. Hara ez hurbiltzeko
erregutu zuen grumeteak, eromen harraro batek hartuta, baina haraxe abiatu zen
Acushnet akitu hura, euskarri bakarraren bila. Aingura lotu eta igerian joan
ziren marinelak lehorreraino, harri gris eta zulatuz osotzen zen irlatxora.
Musker handi eta itsusiak, dortoka zahar eta geldoak, besterik ez zegoen. Untziratzeko
erregutzen zuen grumeteak, bakarrik geratzeko beldurragatik lehorreratu bait
zen,dortoka hoien barruan marinel naufragatuen arimak higatzen zirela zioen,
eroturik bezala. Lotu egin zuten, beso eta zangoz.
Su tipi bat iseki zuten, itsasbelar samur batzu eta arraintxoak egosteko. Uhainak
arroka zulatu eta lehorren aurka hausten ziren etengabe. Musker eta dortoken
xistua izugarria zen arratsaldeko. Goizak alderantziz, hain isilak ziren non
bizitza amaiturik zegoela zirudien, olatuen bizitza salbu. Marinel etsituek,
goiztirietan ihintza biltzeko modua aurkitu zuten, eta dortoka haragia janez
asetzen ziren. Grumeteari puska bat eramaterakoan ohartu ziren ihes eginik zegoela.
Igerian itzuli ziren untzira eta aingura altxatzen ari zela harrapatu zuten
mutikoa.
Irlara deskargatu zituzten ganbarako whiski botilak, mutikoarekin batera. Grumetea,
berriro lotuta, negarrez eta oihuz aritzen zen lantzean behinka. Marinelak arroka
goihenera igotzen ziren, itsaso lau eta amaigabean itzultzeko zilar biderik
aurkitzen zutenentz, baina ez zen ez ilargirik ez itsas xenderarik igartzen.
" Kalterik tipiena hautatu behar da bizitzan" esan, eta han geratzea erabaki
zuten. Bitartean, grumeteak deabruarekin zeudela eta handik ihes egin behar
zutela oihukatzen zuen,baina alferrik. Kalterik tipiena, itxadon eta etsitzea
zen. Eta egundo zapaldu gabeko basamortua zen itsaso urdin amaigabea.
Irlandar marinelari, izkiriatzen bait zekien, enkargatu zioten mezuak bidaltzea,
Acushnet belauntziaren berri emateko. Irlandar lemazainak mezuak botilatan sartu
zituen, uhainetan utzi, eta korronteak itsaso zabalera zeramazkien.
Whiski botilak urazalean linburtzen ziren, korronte eta brisarak eramanki, eta
heuren alboan pausatzen ziren albatro mutuek soilik igar zezaketen barruko paper
puska haietan ez zegoela deusere izkiriaturik.
Ginebra erregina herbestean
" Evak eskuan eutsi zuen fruitua
hartu zueneko arrama eta iadanik
ez du egungo, ez lehenago ez
geroago, arrama hori soltatu"
Queste del Saint Graal
Mugarrako harkaitzaren barrenean, iratze gorrituz estaliriko mendi magalean,
arroka bat datza, eta arrokaren gainean Etxaburuko dorrea. Karratua, argal eta
altua, heroeen garaiko arrasto baten gisan; harririk harri igotzen dira huntz
hosto horituak bere horma zaharretan gora. Lau aldeetara ditu leihoak; baina
guti eta tipiegiak sekretorik aldegiten uzteko. Atea, mendi alderantza du. Atzekalderantza,
amildegia eta, han behean, errekasto garden bat, landare umel eta harritxo borobilduen
artean irristatzen.
Dorretxetik hurbil, adats horaileko andere bat dabil, Ginebra, zeta urdinezko
saiarekin eta bere zaldi zuriaren gainean, haruntz eta honunzko xenderatan.
Erreka bazterreraino iritsi da bere noruegaz zaldi zuria eta, egarriaz, ur ilun
eta barera makurtu da. ginebrak, zaldi gainetik, izpilu batetan bezala dakusa
bere burua. Bere berrogeita hamar urtetan, ederra da oraindik, bere gorputz
ondu eta begirada lasaian, baina hegaztitxo triste bat da bere bihotza. Orain,
zaldiaren muturrak ura xurgatzean, ondatxotan asaldatzen da izpilua.
Ginebrak bere erregina denborak oroitzen ditu, ifarraldeko bere erresumako zalduneria
eta menturak, joandako guzia. Menturen haroa iragan eta, beren erresuma guzia
sakabanatu zenean, herbestera joan ziren heroeak. Arthur erregea eta Ginebra,
Kameloteko gaztelu almenatu utziaz, Etxaburuko dorre zahar eta hestura etorri
behar izan ziren. Fool ere, bufoia, heurekin ekarri zuten, berak nahi zuelako,
baina bakoitza bere aldetik hurrindu ziren gorteko gainerako zerbitzari, zaldun
eta dontzeilak.
Esan du zaldiak eta, ugalik tiratu gabe, berez doa, bere apatx ferratuez orbela
zapalduaz. Herbestera, Lanzelot izan zen heurekin etorritako zaldun bakarra,
eta hauzoan geratu zen Arthur eta Ginebraren aldoan egoteagatik, Hormaetxe baserrian,
Galahad bere semearekin. Geldiro doa noruegar zaldi zuria, pagoen artean, eta
Hormaetxerantza begiratzen du Ginebrak, bere aurpegi zurbilean begiak zabaldu
eta luzatuaz. Gero, erreginaren eta Lanzeloten arteko erlazio lizunen esamesak
zabaldu ziren herbesteko lehen urteetan eta, horregatik, mundua ibiltzera abiatu
zen Lanzelot, baserrian Galahad gaztea bakarrik utziaz.
Batbatean, ugaletik tiratu eta Ginebrak Hormaetxearantza gidatzen du bere zaldia,
zurezko zubitxoaren gainetik, estarta bigun bat segituaz. Andereak, baserriaren
atarian aurkitu du mutila, Galahad, liburu gorri bat irakurtzen eta Lanzelotekiko
antza hartzen dio.
- Zure aitaren berririk baduzu?- galdetu du Ginebrak.
- Azkeneko berria duela aste bete hartu nuen - erantzun du Galahadek -, telegrama
bat Thesalonikako hiritik, bizirik dagoela eta Istanbulerantza doala esateko.
- Istanbul? - galdetu du andereak.
- Bai, lehengo Konstantinopla- dio mutilak.
Eta malko bat isuri du Ginebrak, kristaltxo baten antzera erori zaio masailean
behera, zaldiaren ilain zurietan galtzera.
- Bere begi urdin berberak dituzu - esan dio andereak mutikoari.
Laster, Etxabururantza itzultzen da erregina, Lanzelot eta Galahad gogoan daramatzala.
Bere amodioa ezina dela jakin arren, Lanzeloten itzulera espero du oraindik,
edo hori da behintzat bere etsipenaren eta esperantzaren aitzakia. Galahad,
berriz, bere aitaren beste figura bat da, haragi berbera arima berri bat aurkitzen.
Zurezko zubitxoa iraganda, etxera hurbiltzen ari da zaldi zuria. Ginebraren
senarra eta morroia sagastian daude, sagara umatuak batzen, eta heurengana doa.
Sagarrak makila batez jota edo arbolak eraginez botatzen dituzte, gero lurretik
zesto lodietara sartzeko.
- Non egon zara?- galdetu dio Arthurrek Ginebrari.
- Bidean - erantzun du andereak -, gaztae eta ezti saltzaileak iragaiten dira
eta zerbait erosteko, baina gaur ez da inor pasatu.
Arthur eta Fool, bizkarren sagar zesto bana kargatuaz, etxera doaz, Ginebrarekin.
Sagar ugari geratu da arboletan zintzilik, umatu eta, ia, usteltzen. Igelak,
aho zakuak buztuta, kroaka ari dira dorrearena azpian. Bere zestoa atarian utzi
eta, bufoiak, erregina bere zalditik jeisten lagundu du.
- Neuk sartuko dut gortara- esan du.
Barruan, sukaldera sartu dira erregea eta erregina. Arthur, bere urrezko koroa
erantzi eta armairu apalean utzi ondoren, sutondoko aulkitxoan eseri da, bardako
enborretan sugarrak berbizten entseiatzeko.
- ezagutzen duzu Galahad?- esan dio, begiratu gabe, Ginebrari - Bera da, herbesteko
heroeen artean, Graal saindua aurkitzeko eta mundura zoriona ekartzeko azkeneko
esperantza.
Ginebra bere gelara igo da, hiru besoko kandelairu bat izeki du, eta izpiluaren
aurrean eseri da. Bere adats hori luzeak orraztu ditu, eta gainera, bakardadeak
gorriz tindatu dizkio ezpain eta hatzazalak. Gero, bere ohe zabalean etzan da,
biluzik.
Egunsentiak larrosa hatzez eman dio neguko eguzkiari irteera, Santikurutzeko
muino elurreztatuen gainera.
Lehen argiarekin jalgi da Fool, eta erreka barrenean dabil, kainabera eta asunen
artean, elur eta izotz guneak zapaldu eta landareetako ihintzagarra astinduaz.
Bera ez da morroi bat, horregatik ez da jan, lan eta lo bakarrik egitera mugatzen,
bufoia da, nahiz eta herbestean eta koroa kobre doratuzkoa duen errege batentzat.
Ustekabean, belar luze batzu ostikoz jotzean, sugegorri bat agertu zaio eta,
bere begi dizdizari eta letagin zuriez beldurturik Etxabururantza itzuli da
Fool. Hemen, Arthur aurkitu du sukaldean, abarkak janzten.
- Bitoriako feriara nioak - esan du Arthur erregeak- idiak saltzera, garbitu
eta atera itzak gortatik.
Eta gortara doa Fool, idiak txarrantxaz garbitu, eta atarira atera ditu biak,
manta marratu banarekin.
- Zeurekin joango naiz?- galdetu du Foolek.
- Ez, geratu hadi hemen - esan du Arthurrek - etxea zaintzen.
Eta Arhur, bere idi gorri eta astun biekin abiatu da Urkiolara bidean. Geroago
eta hurrinago, erregea eta bere abere biak, astiro, hiru pundu dira aldatze
lurreztatuan geroago eta tipiagoak.
Ginebra atarira irten denean, Fool aizkoraz ari da enbor sendo batzu ebakitzen.
- Noiz itzuliko dela esan du?- galdetu du erreginak.
- Arratsera arte ez- erantzun du morroiak.
Ginebrak, etxera sartu eta, oihal gorri bat eskegi du ifarraldeko leiho batetan,
Hormaetxetik doi doi ikusgarri den lekuan.
Eguerdian heldu da Galahad, gabardinaz. Ginebrari liburu batzu ekartzera datorrela
esan du, Foolekin gurutzatu denean, masaila zurbilak gorritu zaizkion unean.
Orduan, pagadirantza doa morroia. Berak ere, ber gorputz traketsaren gatibuan,
Ginebra maite du, inork baino lehenagotik. Marraztu ditu, inoiz, bien bihotzak
gezi batez lotuak pagoren baten azalean; gainerako pagoak dira, mutu eta itsuak,
bere sekretoaren lekuko bakarrak. Enbor eta arramak biltzen ari delarik, brisara
hozkirria senditzen du arnasean eta, pagaditik ibar zuria eta ortze urdina soegitean,
morroi bilkaturiko bufoiaren begiak grisak dira, antzara biren modukoak.
Ginebra, anartean, biluzik dago bere ohe zabalean eta biluzik dago Galahad ere,
bere gainean. Marfila izara gainean, marfil malgu, ikarati eta amoltsuak dira
beren menbroak. Zabaldu egin dira anderearen zangoak, ateak egunerako bezala,
eta barrura sartzean ondatxo ezti batzu hedatzen dira sabeletik gaztearen gorputz
guzira. Higiduran, anderearen hatzazal gorriek mutilaren ile beltzarana josten
dute.
Etxaburuko dorrera itzultzean, Foolek ez du inor aurkitu, ez atarian, ez ezkaratzean,
ez sukaldean, ez salan. Emeki emeki, Ginebraren gelaraino eraman ditu bere urratsa
eta, belarria atearen kontra iminiaz entzuten du. Ez daki tristurazko zotinak
ala plazerezko hasperenak diren, eta ezpainak hortzen artean sakatzen ditu.
Gero sukaldera doa, Fool, eta isiltasunean eseri da, su itzaliaren alboan. Gaua
abailtzen ari da, leihoaren zirrikituetatik haize hotza sartzen da, baina ez
da dorreko biztanleengana fatuaren konfidentziarik sartzen. Irratia izetu du,
berehala amatatzeko, eta ez daki zer egin, itxadoteaz gainera. Zoriona eguzkiaren
modukoa dela pentsatzen du, epeltzen gaituela batzuetan, erretzen gaituela aldizka,
eta denboraren ia erdian abandonaturik gaduzkal, baina beti urrin eta hatzeman
ezinik dagoela. Edo, pentsatzen du baitaere, ilargiaren modukoa dela, ez bait
du ez epeltzeko ez erabat erretzeko aski indarrik.
Sukaldeko mahai gainean Galahaden gabardina ikusi du Foolek. Errekistatu eta,
liburu gorri bat atera du. Orrialde batzu irakurtzen ditu, iluntasunagatik begiak
arras hurreratuaz. Gero, ez du liburutxoa gabardinaren boltsilora itzuli, armairu
apalean uzten bait du.Haizeak ikaratzen ditu dorreko zerrailak eta krisketak,
zentzurik gabeko musika sortuaz.
Arthur erregeak ez du gau osoan lorik egin, Etxaburudorreko zurezko zolatan
bere oinotsa, oinots beti berregin eta azken gabea senditu da gauaren denbora
guzian.
Goiz goizik, Fool ohetik jeiki denean, Arthur bere esperoan dago sukaldean.
- Atzo Galahad Hormaetxekoa egon zuan hemen? - galdetu dio erregeak morroiari.
- Bai, jauna.
- Ginebrarekin?- galdetu du erregeak, malenkoniaz.
- Bai, jauna- erantzun du morroiak.
- Lehenago ez dituk elkartu?.
- Sarritan, jauna.
- Non?- galdetu du erregeak.
- Ginebraren gelan, jauna- dio morroiak.
Eta epai une batetan bezala isiltzen dira biak, herabe, epaileak eta epaituak
diren ez dakitela.
Leihotik soeginez gero, orain, dena elurrez estalirik ageri da, eta mantu zuriaren
gainean ikaratzen dira errainuak, brisara hotz batek ikaratuak.
- Legeak beteko ditiagu- dio Arthur erregeak -, Galahadekin burrukatuko nauk
lehenbiz, gero Ginebra erreko diagu.
Salako hormatik bere ezpata soltatu eta Hormaetxerantza abiatu da Arthur erregea,
oinez, urratsak belaunetaraino murgiltzen zaizkiolarik.
Galahad lo dago oraindik, erregea bere ezpatarekin iritsi denean. Baina ez du
odolak oheko izararik busti.
Kolpeka, Arthurrek gelatik eta etxetik lekora atera du Galahad, baratzeraino,
eta elur gainean dardaraka daduka mutilaren gorputz larua. Oilo lumatu baten
antzera. Galahadek ez du ihes egiteko abagadunerik ez ausardiarik, Arthurrek
bere ezpata hondorau du mutilaren bular biluzian, bihotzaren alturan, eta erortzen
begiratu du. Odola lodi isuri da soinean behera, zangoak flakatu, eta zerraldo
geratu da, begiak hertsi gabe.
Hurrindik, Etxaburudorreko leiho batetatik, begira dago Ginebra. Hara han, elurtzan,
Galahad garbia bere odoletan, eta, iadanik, belez inguratua. Hiru kolore: zuria,
gorria eta beltza, aspaldian estaliriko ferde ikustezin baten gainean. Begira
eta negarrez dago Ginebra. Malkoak arren, begi urdin bi ikusi ditu bele banaren
mokoetan, Etxaburudorre gainean inguraturik inguru eta Mugarrako harkaitzaren
aldera desagertzen.
Bere ezpata odoldua garbitu gabe itzuli da Arthur bere etxaguntzara.
- Fool- dio-, ekar ezak egurra basotik, eta gerta ezak sute bat erregina erretzeko.
Bufoia, asto tipi eta iletsu bat sokatik eramanez, pagadi alderantza doa. Bere
amodio marrazkia pago baten azaletan bilatu arren, ez du aurkitzen. Elurraren
pisuagatik abaildutako arramak ebakitzen ditu, eta enbor zahar umelduak desestaltzen,
asto gainera kargatzeko. Bitartean, atarian geratu da Arthur erregea, izozturik
bezala. Bere aurpegi zurbilean bere bizar urdinduan larritasun sakon bat igartzen
da. Hil egin da Graal sainduaren esperantza guzia, esperoa besterik ez uzteko,
hautsi egin da kristalezko bihotza eta herbesteko lurretan barreiaturik gelditu
dira puskak, xederik gabe.
- Non egingo dugu sutea? - galdetu dio Foolek Arthurri, bere gogoetetarik esnatuaz.
- Inon ere ez - erantzun du erregeak -, ez diagu erregina erreko.
Etxe bazterrean deskargatu ditu morroiak bere enbor eta arramak, eta gortara
sartzen du astotxo isila. Eguzkia harkaitzaren bestekaldean ezkutatu da, bere
sandalia epelekin gelditu gabe doalarik. Ondoren, iluntzeak zabalduko du bere
mantua, gizasemeak lotara gonbidatuaz.
- Ez ditut nik bere malkoak erreko- dio Arthur erregeak, eta artega sartzen
da dorrera.
Neguko ikatz eta gaztaina saltzaileen ondoren, udaberriko funanbulo eta kaldereroak
iragan dira, eguzkia ere egunero iragaiten da epel eta hurrinegia. Hodei gris
eta sendoek estaltzen dituzte, itzal bigun bat emanaz, donibane suetarako erregaien
bila ari direnak.
Etxaburuko dorrearen alboan gauza ugari pilatu da. Aspaldidanik gordetako kazeta
sortak, zurezko panpina batzu, familiaren elizarako kadira zaharra, zubi zurkaiztu
baten oholak, eta enbor eta egurrak. Iluntzearekin batera ematen diote sua guziari,
Arthur erregea, Ginebra erregina eta Fool, bufoia, inguruan daudela.
Arratsean, muino eta hauzune guzietan izeki dira suak, bai Santikurutzeko tontorrean,
bai Izurtzako magaletan, bai Urkiolarako aldapetan. Saguzahar bat, suteek beldurtuta
dirudiela, urduri ari da dorrearen inguruan zuhaitz gainak ukituaz hegatsez.
- Fool- esan du Arthurrek -, hoa gortara eta ekar ezak gurdia, erretzeko. Idiak
salduta, ez diagu gurdi beharrik.
Eta handia da sua, hirurentzat bakarrik. Surtara begira daude, jauzi eta benedikaziorik
gabe, isilean; ezin da jakin euren gogoa sugarretan gora doan ala errauts gisa
pilatzen den lurrean. Isilean, su pindarren hotsa salbu.
Arthur erregearen bizar urdinduari urrearen larutasuna ematen dio suak; ikatz
gorien modukoak dira bere begiak, itsuak, surtara bakarrik begira. Ginebrak
erdi hertsirik ditu begiak, arramatxo ferde bat daduka hatzamarretan, eta hegalik
gabeko hegazti bat da bere bihotza.
Luzaroan dirau suteak, gauza erreen kexuaz beste solasik gabe. Ikatzak amatatzen
hastean, Arthur erregea dorrerantza sartu da, ibilkera nekatua arrastatuaz.
Ginebraren urrats geldoa doa, gero, harrizko eskaileretan gora.
Suak, finean, itzali egiten dira, gauerdiaren oinek zapalduriko ipurtargiak
bailiren. Foolek, errautsen epeltasunean, hurrineko suak ezabatzen soegiten
ditu, kantu eta irrintzi hurrinak entzunaz. Orain, ortzeko izarrei begira dago;
izarrak, sekula aldatzen ez denaren hornidura. Begira, eta lurrean etzanik,
bertan hartzen du loak bufoia, ametsen mundura eramateko.
Dorreko bere gelan, kanderailuaren argi mehetan erantzi ditu Ginebrak gerria
hestutzen dioten faxak, sabel zuri eta lodi bat libre utziaz. Leihora hurbildu
da, erdi ilunetan, eta bere barruan hazten ari den haurra jolasetan ari dela
senditzen du. Malko batzu isuri, eta ezpainak mogitzn ditu erreginak.
- Zertarako zatoz- imajina daiteke dioela-, zertara zatoz zorigaiztokoa, ez
baduzu zoriona munduko lurraldeotara zurekin ekarriko.
EPILOGOA, SASOI ZAHARRAK GOGOAN
Bernardo Atxaga
" Untzi bat helburu bezala nabigatzea duen untzi bat dirudi, baina bere helburua
ez da nabigatzea, baizik eta portu batera iristea. Gu nabigatzen ari gara, baina
ez daukagu babestzat hartu beharko genukeen portuaren ideiarik. Berritu egiten
dugu horrela - bertsio mingarrian- argonauten formula menturazale hura: nabigatzea
prezisoa da, bizitzea ez".
Bernardo Soares
Zortzirehun hirurogei eta zazpigarren urteko neguan, Jean Baptiste Hargous izeneko
soldadu bat nintzela, Nancy ene huria utzi eta normandarren armadari aurre egitera
irten nuen Lorenako estandartearen hildotik. Normanadarrek Blois eta Orleans
hartu eta zakuratu eta erre berriak zituzten, eta erromes eta eskaleek ekarri
albisteen arabera, Paris bere ere harrisku berdinean zegoen. Erresumako jauna
Lotario ez zen pazientziako gizona, eta arerioaren zai ez geratzea erabaki zuen.
Ordea eguraldiak ez zigun lagundu. Nancy-tik atera berehala euri hotz bat hasi
zuen, eta euria edur bilakatu zen bi asteren buruan. Ordurako Lorenako mugetan
geunden, gehienok sekula ikusi gabeko parajetan, eta galduak genituen, gaixoturik,
ehun eta berrogei gizon eta hogeiren bat zaldi. Aurrera jarraitzen genuenok
ere kemenik gabe sentitzen ginen: bide lokaztuetan nozitu beharreko nekeari,
normandarren indarraz zein krudelkeriaz entzunez gindoazen gomentarioak sortzen
ziguten etsipena gehitzen zitzaion. Gupiturik bezala, nekazariek irrifara egiten
zuten gure espedizioaren asmoa azaltzen genienean; andrezkoak, oihuka, itzulbidean
jartzeko eskatzen ziguten leihoetatik; monastegien atarietan pausatzen ginenean,
harakinagana lihoazkeen bildots batzuri bezalaxe mintzatzen zitzaizkigun fraideak,
eta otoiari ekiten zioten, aldez aurretik, gure arimen alde. Monastegi horietako
baten alboko ostatuan ezagutu nuen Joseba Sarrionandia estreinako aldiz. Ordu
hartan Pierre de Broc deitzen zioten, eta arrabita jole bezala irabazten zuen
jan edaria. Guretzat ere aritu zen jotzen, eta hainbeste estimazioarekin non
Lotario konteak espediziari batu eta gurekin etor zedin eskatu zion. Uste dut
sari bat ere eman ziola horren egitearen alde, baina pundu horretan bere oroitzapenak
eta nireak ez dira akort jartzen.
Nancy-tik atera eta hogei egun geroago heldu ginen Aumont izeneko herrira, eta
haraino ihesean ailegatutako judu batek normandarren harmada zetzan harana seinalatu
zigun. Arratsalde bateko bideak bereizten gintuen beraiengandik, eta Lotario
konteak kanpamendua heda genezan agindu zigun, eta aitzindari bat bidali zuen
arerioaren zelata egitera: zenbat gizon ziren? Zenbat zaldi? Fidaturik al zeuden?
Erne? Eta aitzindaria gure desio onarekin partitu zen.
Baina ez zen itzuli. Zai egon gintzaizkion astebete, eta etsi egin genuen gero.
Kuzinarien buruak, desagerketa ari buruzko juzku txarrak eginez, koldartzat
jo zuen aitzindaria. Kapitain batek herioa eman zion horregatik. Erailketa hura
gaitzetsi egin genuen gehienok, eta denborak arrazoia eman zigun: egun hartatik
aurrera gaizkiago jan genuen.
Bigarren aitzindaria abiatu eta handik bi egunetara itzuli zen. Nik ez nuen
neure begiz ikusi ahal izan baina Sarrionandiak, Pierre de Broc-ek, adierazi
zidanez, aitzindariak eri agoniatsu baten tankera guztiak ekarri zituen bidaiatik,
zurbiltasuna, begirada galdua, euliak buru inguruan, eta sukarretan kiskaltzen
ari denaren eleketa zentzugabea. Lotario konteari ezinezkoa izan zitzaion gizon
hari sikira tajuzko perpausa bakar bat ateratzea, eta hiru boluntario eskatu
zituen, abantaila eta fabore anitz eskainiz, hain gaiztoa zirudien ekintza haren
betetzeko. Kuzinarien burua hildako kapitaina eta bi soldadu prest deklaratu
ziren. Lehen desertzioak egun hartan bertan eman ziren, aitzindari berriak partitu
orduko. Hogei gizon beste horrenbeste zaldirekin.
Bost egunez itxoegin behar izan genuen kapitaina eta bere bi lagunak ostera
ikusteko. Bideak agerian utzi zituenerako ohartu ginen beraiengan emandako aldaketaz.
Kantuan zetozen, eta soldadu zuhurrenak ez ziren okertu beren bapateko irudipenetan:
alegrantzia hark erabat zoraturiko batzuri apartenitzen zion. Lotario konteak
ez zien deitu ere egin, eta bere desesperantzari ahal hainbat eutsiz, Aumont
herriko ume bati eskatu zion bere soldadu gogor eta trebatuek antza lortu ezin
zezaketen informazioa. Hala pentsatzen zuen, normandarrek ez zutela susmatuko
bederatzi urte inguruko kreatura batetaz.
Guillaume ttikia - hala esaten genion soldaduok- betiere kanpamendutik zebilen
barrabas xaxikun bat zen, eta poz batean onartu zuen enkargua. Bere bizitzan
lehenengoz, soldadu zen, eta zaldi bat zeukan, eta baita Lotario berak erregalaturiko
puinale bat ere. Eta den guztiori bidezkoa iruditzen zitzaigun ume haren harrotasuna.
Erresumaren etorkizuna bere eskuetan zegoela iruditzen zitzaigun.
Baina hala eta guztiz ere, eroria zegoen gure bihotza. Hotza gero eta handiagoa
zen, eta arerio ilunaren amenazua hotz hari lotzen genion, negua bera ere normandarra
balitz bezala. Aitzindari ttikia joan zen arratsaldean kapitain batek bere gizon
guztiekin aldegin.
Guillaumek eramandako aurpegi alai berbera ekarri zuen, eta Lotario kontearen
dendarantz buruarekin baiezko eginka zuzendu zenean, guztiok suspiriatu egin
genuen: azkenez, gure arerioaren berri izatera gindoazen. Baina Guillaume esplikazioak
ematen hasi zitzaigunean harriturik begiratu genion elkarri: ez genuen deus
ere ulertzen. Ez zuen hitzegiten Lorenako hizkuntzan, ezta latinez ere. Galdezka
hasi gintzaizkionean, bera gu baino harrituago gelditu zen oraindik. Ez gintuen
ulertzen.
Edurra hasi zuen. Soldaduoi gogora etorri zitzaizkigun azken hilabete hartan
ezagututako aitzindariak, ihes egin zuena, gaixotutakoa, erotu ziren hiruak.
Guillame ttikia. Eta berak ikusitakoa latza izan behar zuela deliberatu genuen.
Arerio ezezagunaren beldurrez ihesari eman genion. Lorenako harmada, bere lurraldea
hamaika batailatan defendatzen hain gartsuki ari izana, oilo multzokada bat
bezala desegin eta barreiatu zen edurrak zuritutako basoetan barrena.
Joseba Sarrionandiak duela gutxi kondatu zidanez, Pierre de Broc-ek bere sorterrirantza
eraman zituen bere arrabitaren soinuak, eta libro atera zen - bere musikari
esker, orduan behintzat- normandarren erasoetatik. Eni dagokidanez, hil egin
nintzen, aldegiteko zalapartan, Aumont herritik ez oso urruti.
Zortzirehun hirurogei eta zazpigarren urteko negu hartatik pasa dira hamaika
mende eta gehio, eta patuak hala nahi izanda,euskaraz mintzatzen den erresuma
honetan elkartu gara - berriro ere- Sarrionandia eta biok. Patuak lagun egin
gintuen orain dela bost bat urte, eta laguntasun horren poderioz biltzen ditugu
orain bere eta nire letrak liburu honetan. Eneak, epilogo honek, bion garai
bateko bizimoduaren oroitzapena ezezik, Joseba Sarrionandiaren metafora bat
izan nahi lukete.
Izan ere, bai behintzat ene eritzirako, ixiltasunak inguratzen du nire lagunaren
literatura. Ez da mintzatzen, kasu, bere buruaz, ez du balore unibersaltzat
hartzen bere bizitza pribatua, bere intimitatea. Hitz batetan esateko, ez da
erromantiko bat, eta ez da erori, mugimendu haren epigonoak bezala, idazleak
esibizioari eta irakurleak voyeur huts bihurtzen dituen literatura baten tentazioan.
Are gehiago; Eliot, Faulkner, Chamisso eta beste hainbaten barrena hitzegiten
digu, idazten du, eta horrela ispiluz ispilu, bere Ni propiala non dagoen jakin
ez genezakeela uzten gaitu.
Eta ixildu egiten du, bistan da, berak zilar bidetik joan eta beste itsasoan
barrena - arerioa datzan haranean, ene interpretazioan- ikusitakoa. Edo hobeto
esateko, bai, lerro horietan ba dago berak azken urte guzti horietaz egindako
erreflesioa, baina aienatu egiten ditu soluzio xinpleak, beste erromantiko mota
bati - sasiepikoari- hain gustagarriak izango litzaizkiokeenak. Sarrionandia
eta biok asko estimatzen dugun poeta baten esana apur bat egokituaz hala esan
genezake: " Atx! edo ai! esanez, edo protesta eginez, ez da ezer suntsitzen,
sisteman integratzea baizik ez da lortzen". Eskritore askok dakien bezala, geure
errealitatea adierazteko hitzik ez dago; munduak eskura jartzen dizkigun gramatika
eta hiztegiak odolez beteta daude. Geuregandik apartatu beharrean gaude beraz,
eta bana bana, ile kalparrean gordetako zorriak bailiren. Onez atera zen aitzindari
bakarra, Guillaume ttiki hura, hizkuntza berri batez esplikatu zen.
Joseba Sarrionandiaren ixiltasuna entzun egin behar da. Bere literaturak, nik
ez dut dudarik egiten, joera etiko berezi bat adierazten du, hori ere bai. Apika
ez dauka, lan horretan, babestzat hartu beharko lukeen portuaren ideiarik. Baina
nabigatzen ari da. Eta oraingoz, hori da funtsezkoena.

[Esperientzia pertsonalean oinarrituriko broma bat da. Euskal Herritik heldutako egunkari-anuntzio batzuetan bbk irakurri eta enigma bat egin zitzaidan, zer ote zen bbk hori. Euskaldunek arkano eta kriptograma asko erabiltzen duzue, ez zarete nik utzi zintuztedanean bezain jende tolesgabe eta arrunta. Propaganda ere apur bat arraroa egiten duzue batzuetan, eta horixe ba, bbk zeren sigla ote zen, eta bihotz bakartien klubarena otu zitzaidan]
Joseba Sarrionandia