Marinel zaharraren balada

Irakurleentzako abisua

Behelainoa bafora ainguratuen artean, olatu suabeak eta soka tolesdura desberdinak nasa bakartiaren kontra, gezala eta petrolio usaina. Itsasoak duela bere ura ibaian gora altzatu nahi, lurrari muga irabaziaz, kaleak bustiaz. Portuko tabernara sartu eta marinelen - arrantzaleen, piraten- lekuan eseri naiz. Platerak eta basoak mahai gainetan, plateretan arraina lursgarrekin, basoetan zerbeza edo kafea, edo edari fuerteren bat…
Hemen eseri naizelarik, ezin dut gogotik apartatu poeta, berez,marinel zahar bat dela. Gure istorioak marinel zaharren istorioak dira, ezteietara doan gonbidatuari, hau, gu entzuten geratzeko apenas astirik gabe doan jendeari kondatzeko.
Marinel Zaharrak titulatu dut, orduan, bilduma hau. Bere historia egiteko: duela urte batzu editore batek Izuen gordelekuetan barrena berargitaratzea proposatu zidanean, ene aldetik, hango poema batzu geroztik moldaturiko poemakin baturik argitaratzeari hobe iritzi nion. Handik gerora berandutu egin naiz, arrazoi desberdinengatik, ez dut abagadunerik aski eduki. Orain, berriz, astiarekin, ez dut materiale guzia esku artean eta, aukera zehatz bat egin ezinik, dudanekin moldatu dut behin behineko bilduma hau. 1978 eta 1980 arteko gehienak Izuen gordelekuetan barrena liburuan argitaratu ziren; gartzelan egindako poema gehienak ineditoak dira, Eguberri amarauna testuan edo Susa aldizkarian emandako bateren bat salbu; eta 1985eko udaraz geroztikakoak ere ez dira egundaino argitaratu. Bilduma honetatik aparte utzi ditut, finean, lehen liburuko orri ugari, gartzelan egindako kobla eta sonetoak, eta Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak liburuan agerturiko apokrifo batzu. Poemak kronologikoki ordenatu dira, baina alderantziz, berrien izkiriatuetarik zaharragoetara; beraz, nahi duenak atzekoz aurrera irakur lezake liburua.
Zertarako poesia hondamen haro hauetan? Hau da Friedich Hölderlin eta nahinongo poeten galdera. Gainera, ba ote da hondamenaren materiaz egina ez den harorik, gizonaren beraren bizitza hain galkorra denean? Zer ahalge gure haroetako poesia, isildu ezinik, errealitatea emendatu eta irauli ere ezinik, ezinezkoaren desirarekin, ezinbestekoaren sendimenduarekin horma gorrenaren kontra geratzen denean, agonian bezala, agonia bizitzaren aldeko burruka den aldetik. Baina poesia halaber bat da: musika tresnarik ere ezagutu gabe oraindik harri haroan bizi diren australiar tribuen kantek erakusten dute. Gerora hezurrezko edo egurrezko xirula batez indartuko dute beren kantuen soinua. Gure egunetako marinelentzat ere halabeharrezko da kondatzea eta kantatzea, soinuarekin, edo soinurik gabe, lagun artean edo ia bakardadean.
Ez dakit ene poemek euskal poesiari ezer baliozkorik ekarriko dioten; ez dakit, gainera, poesiak berak ezertarako balio duen. Baina Jon Mirande eta Gabriel Arestiren heredentziarekin, Bernardo Atxagaren Etiopiarekin poesia modernoaren mailara heldu den euskal poesia itsasoaren eta lurraren mugaldeko marinel ostatu bat legez imajinatu nahi nuke, eta bertan eseri, ezen eta gu - pirata ingles harek esan zezakeen bezala- tolerantziarako eta taberna batetan edateko jaio gara.
Eta euskal erresistentzian jarraitzeko ere jaio gara, marinela bere nabegaziorako sortu den bezala, eta burruka hori da egun libertateari eta giza duintasunari eman diezaiokegun hoberena.
Liburu hau Mikel Albisuri dedikatu nahi diot eta, baitaere, Espainiako zein Frantziako gartzeletan dauden euskal presoei. Zelda hestuetan beren gelditasunaren, patio grisetan beren urratsen aldamenean, ene solasek aski lukete haien pausuen oihartzuna balira.

J.S / 1986 Abenduak 29

Krabelin gorriak arma kainoietan

Krabelin gorriak arma kainoietan. Badirudi
iraultza maitasunez ere egin daitekeela,
zapata bat galduaz bakarrik, esate baterako,
edo negarrez, zorionagatik bakarrik negarrez, eta
egunkari saltzaileak eskelarik ez duela salduko.
Baina gero ez da posible, oihuak eta tiroak,
begira, orratz gorriek eritzen dute aidea,
polbora usainak hestutzen ditu bihotzak
eta zerraldo erortzen dira gorputz gazteak
eta beti dago norbait biluzik eta zutik
bere herria ederregia eta krudelegia delako.


Defenda ezazue zuen bake beltza


Defenda ezazue uso zuriz, banko biletez
eta arma astunez ereindako zuen atsedena,
defenda ezazue zuen libertate beltza
lan egiteko, kirol egiteko, otoitz egiteko,
defenda ezazue zuen aitaren etxe beltza
telebisioko foiletoirik batere ez galtzeko,
defenda ezazue zuen lo beltza, zuen
amets goxoek amets goxoak erdi ditzaten,
defenda ezazue larritasuneraino perfumaturiko
zuen bihotzen sosegua, eta zuen asteburua,
defenda ezazue zuen bake beltza
eta zuen orratz bakarreko erlojua:
Gu otsanda ilunen semealabak gara,
tenorea da, seinala egiguzue zuen hatz luzeaz,
zuen poliziek tiro egin dezaten.


Pianistaren heriotza

Gauez ibiltzen direnen oinotsak
espaloietan izoztu,
zakur isilarenak ere,
tiro eztanda entzun denean.
jazzmanak korneta ahotik hurrindu,
dantzariek bakoitzak bere gibelera so egin,
atalzainak barrurantza:
Brownin 7`50, kehe mehea,
pianista abaildu da bere odoletara.
Andere lodiaren silioa,
bere senar tipiak kalera eraman behar du,
atalzainak eta barmanak
pianistaren gorpua kalera atera
eta zerrautsa barreiatuko dute
odolaren gainean. Orduan,
barmana itzultzean
kornetak berriro joko du,
dantzalekua betetzen ari astiro astiro,
eta une batez izoztu diren zakur
deslaiek beren bideari darraiote.


Azkenengo trena

Ez duzu aldegiten utzi behar
udazken arratsalde doratuak
- azkenak agian-
eskaintzen dizun tren nora gabea
- azkena agian-
ez duzu aldegiten utzi behar
azkeneko trena


Etxera itzuli

Tesoroen mapak besapean
etxea utzi eta undinen
abestien xerka abiatu nintzen
izuen gordelekuetan barrena.
Sukarri urdinarre tipiak
eta oihan beltzetako zokotan
usteltzen diren xoxo habiak
soilik nituen bidaian aurkitu.
Denborak bidea ahorturik,
etxera itzuli nintzenean
berriak ziren atearen zura
eta zarraila ere.




" Que dificil ser pròpio
e nâo ver senâo o visìvel!"
Fernando Pessoa



Alberto Caeiro

"- Egun enauzu ni etorri
Alberto Caeiro baino" esaten zidan
Fernando Pessoak, eta mintzaira nahasiz
eta lokarri gabez irauten zuen solasa.
eguzkiloreek bezala behatzen zituen
hormetan zelai urregorriztatuak
edo muino izarez estaliak
ene begi lausotuek pinturaren bat,
ispilua edo horma soila ikusten zuten lekuetan.
Natura ederra eta zaharra zela zioen,
artzainak ardiei begira bezala.
Eta gaua abaildu orduko euria,
eguzkia, hilargia eta etxe atarian aulkia
desiratu eta alde egiten zuen lasai
sonbreiruaren hegala altzatuaz.




[Esperientzia pertsonalean oinarrituriko broma bat da. Euskal Herritik heldutako egunkari-anuntzio batzuetan bbk irakurri eta enigma bat egin zitzaidan, zer ote zen bbk hori. Euskaldunek arkano eta kriptograma asko erabiltzen duzue, ez zarete nik utzi zintuztedanean bezain jende tolesgabe eta arrunta. Propaganda ere apur bat arraroa egiten duzue batzuetan, eta horixe ba, bbk zeren sigla ote zen, eta bihotz bakartien klubarena otu zitzaidan]

Joseba Sarrionandia

bihotz bakartien kluba