Marinela
(Kuadro
bakarreko drama estatikoa)
Prologoa
Fernando Antonio Nogueira Pessoa- hau bait zen bere izen ofiziala- 1888 urteko
ekainaren hamairuan sortu zen, arratsaldeko hiruretan, Lisboan. Eta Lisboan
bertan hilgo zen, 1935 urteko hazilaren hogeita hamarrean, alkoholismo kronikoa
eta zirrosia medio.
Berak esaten zuenez, bizitza bi izaten ditugu: bata egiazko bizitza, haurtzaroan
amets egin eta harrezkero ere irudimenaren behelaino mehearen artean segitzen
duguna eta bestea, bizitza faltsua, besteekin iharduera praktikoan konplitu
eta hil kaxan amaitzen dena.
Goi mailakoa eta kultoa zen Fernando Pessoaren familia, hidalgo leinukoa aitaren
aldetik, judukonbertsoen leinukoa amarenetik. Sei urte zituelarik hil zen bere
aita, tuberkulosiarekin, eta geroxeago urte beteko bere anaia tipia. Baina bi
urte geroago ama alarguna berriro ezkondu zen militar batekin eta, 1896 urtean,
Hego Afrikan bizitzera joan ziren hirurak, Dueban hirira. Han, Fernando Pessoa
eskola inglesetan hezi zen, eta gazterik hasi zen literatura estudiatzen eta
izkiriatzen, inglesez beti.
Hamazazpi urtekin, 1905ean, Lisboara itzuli zen; eta ez zen gehiago hiriburutik
irtengo bizitza guzian.
Itzuli
ondorengo urteak aldaketa urteak izan ziren, bizimoldez eta hizkuntza literarioz
egokitu behar bait zen. Inglesa utzi gabe, portugesez saiatzen zen idazten.
Lana bulegoetan aurkitu zuen, itzulpen eta gutun komertzialak, herbesterako
batez ere, erredaktatzea zuen ogibidetzat.
1912 urtean argitaratu zituen Fernando Pessoak bere lehen idatziak, " A Aguia"
aldizkarian. Lusitanismo eta saudosismoaren garaia zen literatura portugesean,
berbizkunde eta eztabaida aldia orduko abangoardietan, eta berehala eman zen
ezagutzera, eztabaidetara bete betean sartu eta jakintza literario aparta erakutsi
zuelakotz.
1913 urteko bere paperetarik dakigunaren arauera, etengabe izkiriatzen zuen, gutxiago inglesez eta gehiena portugesez. " A Brasileira" tabernako tertuliara joaten zen lagun batzukin. Baina literatura bakarrik egiten zuen, hasiera eta amaierarik gabeko narrazioak, behelaino arteko poemak, zurrumurru metafisikoak. Bere amari, Hego Afrikara, sarritan bidaltzen zizkion gutunak. Bere lagun minena garai haretan Mario de Sa-Carneiro zen; gero suizidatuko zen poeta hura. " A Aguia" aldizkariko idazkaria ere laguna zuen Alvaro Pinto. Emakumeekin oso lotsatia omen zen, ez zen haiengan hurbiltzen edo alde egiten zuen. 1913ko martxoan " Impresôes do Crepusculo" izeneko poema idatzi zuen, gerora paulismoa delako korronte literarioa fundatuko zuena, eta sortzear zeuden - 1914 urtean erditu bait ziren- Fernando Pessoaren heteronimoak, halegia, Alberto Caeiro, Ricardo Reis eta Alvaro de Campos.
"
O Marinheiro", prologo honetan aurkeztu nahi dudan obra, 1913 urteko urria datatzen
da. Argitaratu geroago. Lehenengo, " A Aguia" aldizkarikoek ez omen zioten onartu,
eta ez zen argitaratu " Orpheu" aldizkariaren lehen alean baino, 1915 urtean.
Obra hau - euskaraz " Marinela" izendatu dudana-, ez da erabat kabitzen literatura
sailkatzeko usatu ohi diren zakuetarik batetan. Teatroa da, baina egitura arras
berezikoa, gertaerarik gabea; poesia moldekoa ez bada, hagitz poetikoa da; narrazioa
ere bada, narrazioaren antsia dario behintzat; eta filosofia tratatua ez bada,
gogoeta metafisikoa besterik ez da lehen arnasetik azken silabara arte. Orduan,
sailkatzekotan, autoreak berak imini zion azpitituloa haintzat hartze besterik
ez dago, " drama estatikoa" dela esan zuen Fernando Pessoak.
Zer da drama estatikoa? Gatazkarik eta mogimendurik gabeko teatroa? Posible dea gatazkarik eta mogimendurik gabeko teatroa? Fernando Pessoa baietz erakusten entseatu zen eta, areago, teatrogintza drama estatiko eta lirikorantza zihoala uste osoan zegoen. Drama estatikoan argumendua ez da ekintzen bilakaera eta ondorioetan oinarritzen, dramaren haria, obra honetan erakusten denez, arimaren biluzketa hutsean finkatu daiteke. " O Marinheiro" honetan, hain zuzen, errealitatearen ate zein leihoak hertsi eta lengoaiaren eta ametsaren bidez arima azaltzeko situazioak kreatzen ahalegintzen da Fernando Pessoa. Bizitzaren tentsioa lekorean bilatu beharrean pertsona barruan topatzen da, " arimaren teatroa" izendatzen otu zaidan zerbait eginez.
Erreferentzien aldetik, kritika literarioaren aipamenak ekarriez gero, modu ezberdinez interpretatu da " O Marinheiro". Kritiko batzuek ( Maria Teresa Rita Lopes, Fernando Pessoa et le Drame Symboliste, Paris, 1977) teatro sinbolistaren erroak somatu dituzte, Maurice Maeterlinck autoreraren herentzia hain zuzen. Beste kritiko batzuek ( Maria de Fatima Marinho, Actas de Congreso Internacional de Estudios Pessoanos, Porto, 1979) berriz, absurdoaren teatroa ikus nahi dute Pessoarenean, Samuel Bekett eta Eugène Ionesco gerokoagoen aitzindari legez edo. Erlazioak bilatzen abiatuez gero, nahiz eta kritikoa ez naizen, eta horregatik behar bada, " cantigas de amigo" zaharren aidea hartzen diet nik dontzeilen solasei. Irakurketa arras desberdinak egin daitezke, beraz, desberdinak eta hurrinak. Dena dela, " O Marinheiro" Fernando Pessoaren obra guziaren kontextoan entelegatzen da egokien. Hain zuzen, drama estatiko honetan daude 1914 urteaz geroztik heteronimoek, bakoitzak bere tankera berezian, zabaldu eta borobilduko zituzten gairik funtsezkoenak, eta bizitzari eta lengoaiari buruzko ideiak batez ere, gero " Livro do Desassossego" delakoan agian beste liburuetan baino era zuzenagoan azaltzen direnak.
Hemen ez dagoen lekua balego, interesgarria litzateke erakustea Fernando Pessoaren obra ugariak ez direla hari puska solteak, baizik eta sare zabal baten zatiak, eta sare handi horretan " O Marinheiro" besteak beste, lehen lokarrian dagoela. Liburu honen epilogotzat hogeita zazpi inguru ohar erantsi ditut, hitz eta esaldi konkretuen komentarioak eginaz batzutan eta Fernando Pessoaren texto zatiak argibide eta osagarritzat emanez bestetan. Fernando Pessoaren obra den sare zabal hori haritxo buru hoietan antzematen hasi daiteke behar bada.
Bestalde,
itzultzea deliberatzean zergatik " O Marinheiro" hau eta ez beste edozein hautatu
dudan galdetzen badidazu, ez dut arrazoi handirik, salbu eta irakurtzean laket
egin zitzaidala. Itzultzea, gero, ber irakurtzeko modu on bat da eta gainera,
irakurlea zerbaitetara gonbidatzeko modua ere bai.
Gonbidatu egin nahi zaitut, bada, Fernando Pessoaren kantiga aideko mintzairaren
bidez edo lur gotor gisa habitatzen dugun gure hizkuntzaren bidez, hiru dontzeila
geldi eta misteriotsuen eta laugarren geldiago eta misteriotsuagoaren gelara.
Gela honetan, Fernando Pessoak aipatzen zituen bizitza bietatik egiazkoenean,
amets eta beldur batzu besterik ez duzu aurkituko, libururik gabe eta egunsentira
orduko leihotik begiratu eta bizitzari buruz gogoeta eginez eduki ditzakezun
zentzazio berberak, agian, baina sar zaitez.
[Esperientzia pertsonalean oinarrituriko broma bat da. Euskal Herritik heldutako egunkari-anuntzio batzuetan bbk irakurri eta enigma bat egin zitzaidan, zer ote zen bbk hori. Euskaldunek arkano eta kriptograma asko erabiltzen duzue, ez zarete nik utzi zintuztedanean bezain jende tolesgabe eta arrunta. Propaganda ere apur bat arraroa egiten duzue batzuetan, eta horixe ba, bbk zeren sigla ote zen, eta bihotz bakartien klubarena otu zitzaidan]
Joseba Sarrionandia