Izeba Mariasunen ipuinak
Izeba
Mariasunen nobela laburra
Izeba Mariasunek nobela bat izkiriatu zuen.
Titulua: Ur butzu batetara erori nintzen.
Eta editoriale famatu batetan argitaratu berri da.
Argitaratu denean egunkari eta aldizkari literarioetan erreseina eta komentario
ugari agertu da, kritikoek esan dute autobiografikoa dela lehen pertsonan kondaturik
dagoelako, oso esistentzialista dela gizabanakoaren esistentziari buruzkoa delako,
emakume literatura dela noski andere batek sinatzen duelako eta , last bat not
list, forma aldetik oso modernoa dela, irakurleak erantzun beharreko testu proposatuaz
egitura irekia duelako.
Gure izebarena denez gero, zelan ez nuen liburua erosiko, erosi eta deitu dut.
Eta merito bat gehitzekotan, munduko nobelarik laburrena dela esango nuke.
Nobelaren testu osoa hauxe da:
" Bai, erori egin nintzen. Baina ez naiz ur butzuan geratuko. Oraintxe, zutitu
eta banoa. Zer iruditzen zaizu?"
Izena Mariasunen ipuinak
Izeba Mariasunek sarritan esaten zuen:
" Ipuin bat kondatuko dizuet"
eta orduan gu bere inguruan eseritzen ginen.
Izeba Mariasunen izarra zirkuluaren erdian dirdiratzen zen. Eta hasten zen:
" Behin batean bazen mutil bat Ameriketara joateko ilusioa zuena. Joan da Baionara
eta han hartu du untzi bat Guatemalarantza doana, jendez gainezk bete denean
untzi hori abiatu da, Baionako barra iragan du, eta iadanik itsaso zabalean
barrena doa…"
Eta isildu egiten zen itsasoaren tamainuaz gogoetan balego bezal.
Eta guk esaten genion:
" Eta gero, izeba, zer gertatu zen?"
Eta berak:
" Itxadon beharko duzue ea mutil hori itzuli eta zer gertatu zitzaion kondatzen
duen"
Izeba Mariasun eta mendehurrena
Espainian Ameriketako deskubrimenduaren ez dakit zenbatgarren urtehurrena zelebratzen
zen eta guk izeba Mariasuni honetaz eta haretaz galdetzen genion.
" Eta Cristobal Colon nongoa zen?"
" Historiagileak ez dira oraindik ados jarri" esaten zuen izeba Mariasunek "
baina gehienek uste dute eta horretan ni ere ados nago, sortzez italianoa zela,
Genovevakoa"
" Eta zergatik egin zuen bidaia hori?"
" Mundua zelakoa den jakin nahi zuelako" esaten zuen " Garai haretan bi bando
zeuden, batzuk esaten zuten mundua borobila zela, sagarraren modukoa, eta besteek
esaten zuten ezetz, plater baten tankerakoa zela. Eta indioek bakarrik zekiten
hori, han zeudelako".
[Esperientzia pertsonalean oinarrituriko broma bat da. Euskal Herritik heldutako egunkari-anuntzio batzuetan bbk irakurri eta enigma bat egin zitzaidan, zer ote zen bbk hori. Euskaldunek arkano eta kriptograma asko erabiltzen duzue, ez zarete nik utzi zintuztedanean bezain jende tolesgabe eta arrunta. Propaganda ere apur bat arraroa egiten duzue batzuetan, eta horixe ba, bbk zeren sigla ote zen, eta bihotz bakartien klubarena otu zitzaidan]
Joseba Sarrionandia