Marginalia


Historia zertarako den

Mutiko batek bere aitari galdetu dio: " papa, expliquemoi donc à quoi sert l`historie?..." March Bloch mediebalistaren " Apologie de l`historie", naziek autorea hil ondoren amaitu gabe argitaratu zen liburuaren hasieran… March Bloch historiadore famatua da, obra inportanteak idatzi eta, gainera, 1929 urtean Lucien Fevre lagunarekin batera
" Annales d`historie èconomique et sociale" aldizkaria fundatu zuen historiografia frantsesean aide berriak ereinaz… Eta bere liburu amaitugabe eta postumoa? Behar bada, Julius Fucik txekoaren " Reportàz psanà na opràtice" hura bezela, urkabera orduko beste erreportaia bat legez irakur daiteke…"Apologie de l`historie" historia konprenitzeari buruzko entsegua da. Historiaren xedea ez da iragana epaitzea, baizik eta konprenitzea eta, konprenitu, geure haroa emendatzeko… Iragana ez badugu konprenitzen ez dugu egungoa konprenituko, eta egungoa ezagutzen ez den bitartean ezinezkoa da iragana entelegatzea. Testuak ez dira sekula aski errealitatea adierazteko. Nork konprenituko du, gerlei buruzko hamaika liburu edo filme ezagutu arren, Kartago, Tenochtitlàn, Gernika, Lidice edo Hiroshimako biktimen desolazioa?... Egungoa ez konprenitzea- izkiriatu zuen March Blochek- iragana konprenitu ezetik heltzen da. eta gure jokabidearekiko biziki garrantzitsua da, gure jokabidea geure historiaren entelegatzea bezain argi edo iluna izanen delako…March Bloch, lehen Gerla Handian iharduna, nazien okupazio denboran klandestinitatean bizi izan zen Lyon bere sorterriko erresistentzia mogimenduaren partaide gisa. Gestapok, nazien polizia politikoak, harrapatu, torturatu eta, auzitara eraman gabe, afusilatu zuen 1944eko uztailaren 16an beste sei lagunekin batera…Historia - oroitu uste dut bere Apologiaren pasarte batetatik- ez gara sekula aski konprenitzera iristen…

Gure aberria

Batzutan, manerarik dorpeenean, aberria beste herriekiko desberdintasunean bilatzen da, hau da, arrotz erizten denarekiko erreakzioan… Beste batzutan sorterriko geometria humanizatuaren imajina batzu dira, sorterritik hurrintzen denak bere baitan loturik nahinora daraman paisaia sentimentala… Aberria mintzo garen hizkuntza eta jaso dugun kultura ere bada, norbere formazioaren erdigunea eta gizarte komunikabidea… Aberria, halaber, borondate soziopolitikoa da, kontzientzia nazional eta sozialaren bilakaeran eta herri independiente sozialista baten aldeko burruka literarioan… Pierre de Lancre inkisidoreak esaten omen zuen euskaldunak ez zirela ez frantsesak ez espainolak sentitzen, ez zutela, beraz, aberririk. Eta oraindik ere egia da. Gure aberria, bete behar dugun hutsune hori da.







[Esperientzia pertsonalean oinarrituriko broma bat da. Euskal Herritik heldutako egunkari-anuntzio batzuetan bbk irakurri eta enigma bat egin zitzaidan, zer ote zen bbk hori. Euskaldunek arkano eta kriptograma asko erabiltzen duzue, ez zarete nik utzi zintuztedanean bezain jende tolesgabe eta arrunta. Propaganda ere apur bat arraroa egiten duzue batzuetan, eta horixe ba, bbk zeren sigla ote zen, eta bihotz bakartien klubarena otu zitzaidan]

Joseba Sarrionandia

bihotz bakartien kluba