Kolosala izango da
- Eta guri
ez digute armarik emango ala?- esaten genuen guk, gure tiragomak eta jostatzeko
armak baino zerbait gehiago nahi genuelako geuk ere gerrarako.
Hala ere, ni ondo sentitzen nintzen gerrian gero eta enbarazu gehiago egiten
zidan pistola harekin.
Artean, herriko andreak kezkatzen eta beldurtzen hasiak ziren, bataren eta bestearen
amama han agertu ziren, umea eskutik heldu eta etxera eramateko edo heldu ezinean
deika:
- Erdu atoan hona!
- Uatxepe! Armak herriari! Uatxepe! Armak herriari!- entzuten zen errime- Uatxepe!
Armak herriari!
- Erdu etxera demontre hori!- agintzen zen ozenago.
Baina ez ginen armen sasoian amarengana joango eta desobedientziaren gure iniziazioa
izan zen.
Tokiona paretik pasatzean Felix ikusi genuen, hantxe zegoen tabernako bere mahaian
txibierro frijituak jaten ardo zuriarekin.
- Hori gerra hori espainolen gauza da - esan zuen.
Horixe esaten zion honi, horri eta besteari. Baina uatxepekoen aldarriak errimeagoak
ziren kale grisetan, oihartzunak metalikoagoak, eta fusil ilunak beste ezer
baino nabarmenagoak oskorriaren ordu hartan:
- Kuartelera!- entzun genuen.
Guardia zibilen kuartela eraso behar zela eta harantz abiatu ginen arineketan,
urduritasun arraro batekin, uatxepeko milizianoen aldrarekin.
- Abante koartelera!
Ez zen beldurra, hotzikara umel eta sakona zen sentitzen zena iluntzeko lasterketa
lardatzean.
- Maricòn el ùltimo!- oihu egin zuen batek, fusil handi bat eskuetan, loihartzeko
urdinarekin eta espartinekin korrika gurekin batera zetorren gizon batek.
Uatxepekoen kamioia baino lehenago heldu ginen gu kuartelera, eta han ailegatu
zen berehala kamioia, atzekoa jendez gainezka eta bandera gorri eder zekartela
eta erretratu handi bat.
- Milizianoak heldu dira! - esan zuen Anjelek kamioia heltzean.
Eta gero beste kamioi bat ailegatu zen handiagoa eibartar miliziano gehiagorekin,
eta gero beste bat. Eta ez zetozen triste, alai zetozen eta kantuan hasten ziren
lantzean behin.
- Nor da hori? - galdetu nuen, erretratu handiko bizardunaz.
- Karl Marx da - esan zidan Josemarik.
Eta geu ere aldarrika hasi ginen:
- Uatxepe! Uatxepe! Uatxepe!
Milizianoek kamiotik salto egin eta bere ezkutalekua hartzen zuten. Horrela
isiltzen ziren kamioitik jaitsi ondoren kuartelaren inguruan.
Sasi batzuen ostean ezkutatu ginen gu ere. Gerritik aterata, pistola eskuan
hartu eta, handik begira, ondo ikusten zen kuartelaren sarrera eta kamioien
aparkalekua. Bizardunaren erretratua kamioiaren atzealdeko alboko oholetan geratu
zen.
Orduan, boz gogor bat entzun zen ilunabarrean, kuartela inguraturik zegoela
eta entregatzeko aginduz. Kuartela ezin zutela entregatu erantzun zuten barrutik,
emazteak eta umeak irtengo zirela bakarrik. Guardia zibilak kuartelaren leiho
eta gainetan geratu ziren, posizioak hartuta. Haien fusilen kanoi puntak ikusten
ziren.
Guardia zibilen emazteak eta umeak ikusi nituen kuarteletik irteten. Eskolako
gure lagunak ziren batzuk eta gogoaren kontra zihoazen, aita ze posiziotan geratu
zen ikusi nahi balute bezala atzeraka begira iluntzean.
- Agur!- esan genien gure lagunei.
Burua makur irten ziren kuarteletik, ama urduriek tiraka eramanak, agur esateko
ere lotsatuta. Guardia zibilen familiak ingurua abandonatzean, ilun eta isiltasun
harrigarrian geratu zen dena.
- Orain tiroka hasiko dira! Tiroka hasiko dira benetan!- hasi zen.
Altxatu eta arrapaladan joan zen. Nora zoaz, galdetu nion. Etxera, oihu egin
zuen. Beste batzuk berbetan geratu ginen, sasien ostean makurtuta.
- Josemari, hor zaude? - esan nuen.
- Bai… - erantzun zidan ahapeka.
Hantxe zegoen, hur-hurrean lurrean etzanda.
Halako batean, pausoak eta mugimendu hotsa entzun zen. Esteban eta beste hirulau
miliziano kuartelaren atarira joan ziren zuzenean.
Kuartelaren atea zabalik zegoen eta miliziano taldea, inork tirorik egin baino
lehenago, ate irekitik barrura sartu zen.
Minutu batzuetara milizianoak sarjentuarekin irten ziren. Guardia zibilen sarjentua
bi milizianoen artean atera zuten, bere uniforme berdearekin, burukorik gabe,
burusoil, aurpegi oso nekatu eta zurbilarekin.
Beste guardia zibilak, teilatu eta leihoetatik tiroka hasiko zirela pentsatu
nuen, eta gogor heldu nuen ene jostailu pistola eskuan, baina ez zen inor mugitu.
Ez zen ondo ikusten eta isilik geratu zen dena.
- Biba Frente Popularra! Hil bedi ejerzitoa! Guardia zibila hormara! - entzuten
zen.
Gero beste guardia zibilak ilaran irteten hasi ziren kuarteleko atetik, eskuak
kokotean ipinita. Kamioietara igo zituzten, batzuk bizardunaren erretratuaren
aldamenean geratu ziren eskuak kokotean. Karl Marxek bizar handia zuen, jadanik
urdindua, eta ez zuen begirakera aldatzen, axolagabezia handiarekin ze gertaera
haien guztien lekukoa.
Tiroen zain egin ginen eta ez zen tirorik gertatu. Sasitzatik irten genuenerako
guardia zibilak kamioiaren gainean zeuden, denak bizirik.
Miliziano gehienak kuartelaren aurreko enparantzan geratu ziren, zigarroak erretzen,
solasean, barreka.
- Hau amaitu dela uste dut- esan zuen Josemarik.
- Ez da tiro bat ere jo! - esan nuen nik, lilura galduta.
- Biba komunismoa!- oihu egin zuen miliziano batek ukabila altxatuaz kuartelaren
balkoian
- Kamioietara! - agindu zen gero.
-
[Esperientzia pertsonalean oinarrituriko broma bat da. Euskal Herritik heldutako egunkari-anuntzio batzuetan bbk irakurri eta enigma bat egin zitzaidan, zer ote zen bbk hori. Euskaldunek arkano eta kriptograma asko erabiltzen duzue, ez zarete nik utzi zintuztedanean bezain jende tolesgabe eta arrunta. Propaganda ere apur bat arraroa egiten duzue batzuetan, eta horixe ba, bbk zeren sigla ote zen, eta bihotz bakartien klubarena otu zitzaidan]
Joseba Sarrionandia