Izkiraturik
aurkutu ditudan ene poemak
Badago
zentzazio bat, poema bat estrainekoz irakurri arren ezaguna eriztearena edo,
hobeto esan, poema hori norbere hazitan asmatzear zegoela senditzearena. Poema
hori modu indefinitu baina egiazko batetan esistitzen da norbere barruan, bere
textu gauzatua irakurri eta ber ezagutu orduko.
Zentzazio edo ideia hori gogoan, duela hamarren bat urte, erdal poema batzu
euskaratzen hasi nintzen, eta aurkitzean poema guzizi enea ez baledi ere mintzairaz
aldatzean energatzen zen. Ordutik hona leku eta egoera arras desberdinetan egin
ditut translazio entseguak, Bilbon egin nituenn greko eta latinoenak, Oloroen
errumaniera itzultzen lagundu zidaten , Leitzan apokrifo batzu asmatu nituen,
gero El Puerto de Santa Maria eta Herrera de la Mancha aldean paper ugari zirriborratu
eta gorde nuen, Espainiako kartzeletatik gutun bat euskaraz igartzea ere ilegala
delako. Orain, non nagoen ere ez dakidala, aldiskako testu guziok, batzu makinaz,
beste eskuz eta bestetzu irakurtezinik zeudenak, dezifratu, batu eta ordenaturik,
tinta kolore berberaz imini ditut.
Edozein bilduma, azken finean, bilatzailearen gara bateko maitasun eta manien
museoa da, nahiko arbitrarioa eta, museo legez, gauza disekatu eta anakronikoz
betea; horrela, bilduma honetako poema bakoitza, nahierazko arrazoiengatik beti,
bere girotik erauzi eta gela arrotz batetako horman bezala geratu da liburu
honetako orrialdeetan zintzilik. Poemak ordenatu, guti gora behera kronologikoki
ordenatu dira, baina poesian ez dago historiarik, epeen eta progresoaren historiarik
behintzat.
Testu orijinalen bat argitzen edo beste moduren batetan laguntza eman didaten
adiskideei eskerra eman nahi dizkiet, heuren izenak inizialez: DP,MA, MP, EM,
XP, IS,UK, NI eta JB.
Bestalde, leku aproposa aurkitu bati dut, poesia itzultzeari buruzko gogoeta
batzu egin nahi nituzke, museoaren ateak ireki orduko. Babelgo dorrea abandonatu
zenez geroztik, hizkuntza desberdinen arteko bihurpena kulturako eta literaturako
arazo teoriko inportanteenetariko bat da. alderantzizko mila sofisma eman da
translazioaren ahalmen eta ezintasunei buruz, dena dela, argi dago erredukzio,
gehitze, kentze eta aldaketen gainean altzatzen den zeregina dela.
Honetaz harantzako, argi dago itzultzailearentzat bere aktibitatea irakurtzeko
modu paregabe bat dela. Itzulpena irakurlearentzat, irakurri ezin duen testu
batetara hurbiltzeko modu errez bat besterik ez da. Baina itzultzailearentzat
bere translazio lana testua modu sakonean ezagutzeko bidea da, itzultzaile irakurle
pribilejiatua da, bere ber irakurketa bere ber izkiriatzearekin batzen duenean,
testua ukitzeraino hurbildu ahal bait da.
Funtsean, poemagintza bere ere irakurketa da, izkiriatzea izan orduko. Harol
Bloom kritikoak proposatu duen teorizazioaren arauera, edozein poema lehenago
irakurritako beste poema bati dagokio, eta edozein poetak aurreko beste poeta
bati erantzunez idazten du. Poetak, irakurriak dituen poemak tratatzen ditu
bere poemetan. Bere irakurketa interesatua eta apropos okerra da eta, tradizioaren
ber elaborazio zein ukazio gisa, bere kreazioa ezin da errebisio besterik izan,
errebisio hitza bertsio edo, zentzu zabal batean, translazio gisa konpreniturik.
Translazioaren ideia berriro inguratuz, poemagintzako beste alde bat begira
daiteke. Poetaren baitan, poema egiten ari delarik, bihurpen sakon bat gertatzen
da, izkiriatzear dagoen testua hitzez hitz definitu orduko bere baitan sortu
eta emendatuz joan den testu ilunago eta izkiriatu gabeko baten translazioa
da. Irakurlearen baitan ere, gogoeta hari hau jarraitu eta hasierako ideiarekin
loturik, irakurritako poema azken batean aldez aurretik esistitzen zen, hutsune
gisa behintzat.
Poemagintza translazioa dela esan dugu, eta izkiriatzea translazioa dela, irakurtzea
bezala. Orduan, analogiaz, betiere, dena da funtsean translazioa, baina pundu
honetan translazioaren funtsezko ezagugarrietarik bat oroitu behar da, asmo
utopikoa dela halegia.
Poemagintza, bera ere utopikoa da, ez da territorio edo aurkikunde konkreto
eta finkoa. Poesia, ausentzia eta oker kolektibo eta pertsonalen leku inguruetan
mogitzen da,munduaren hutsuneak eta kalteak emendatzeko ahalegina delako.
Translazioa ere, poesia bezala, utopikoa da. Aktibitate legez, ezin da gauzatu,
itzulitako gauzak goiz edo laster museoko gauza bilakatzen diren artean itzultze
zereginak ez su lekurik, leku gabezia horren bilaketa delako. Orduan translazioa,
poesia bezala, utopikoa dela esaten denean halabeharrez kreatiboa dela esan
nahi da.
1985, urriak 16.
ENE MAITEA ZILARRA BEZAIN EDERRA ZEN
Ene maitea zilarra bezain ederra zen.
Horregatik da handia ene oinazea.
Mina du orain ene bihotzak.
Zergatik irten da eguzkia
beste egunetan sartu ohi den lekutik?
Zergatik sartu da
irten ohi den lekura?
Zure bihotza ere horrelaxe
Aldatu da, ene arreba.
( Araukanoa)
ZUK ZAURITU ZENUEN GAZELA
Zuk zauritu zenuen gazela
tamarindoen azpira etorri zen hiltzera,
ene esklabek beren erropak
garbitzen dituzteneko arditegiaren albora.
Ilunabarrean aurkitu genuen
gure oihalezko etxoletara itzultzean.
oraindik bigun zegoen bere gorputza
eta bere betazalek ez zituzten
bere begi triste luzeak
Guziz estaltzen.
Saihetsean sarturik zedukan lantza bat
eta lantza hori ezagutu nuen
Zurea zela. Ni ere
gazela haren antzekoa ote naiz?
Esaidazu, Jainkoagatik, oi zu,
Zure begiradak
ene bihotza zauritu bait du.
( Tuareg)
POLITIKA
Gure haroan gizonaren fatua
Politika mailan azaltzen da
Thoman Mann
Zelan atxikiko dut, neskatila hori
hor agertu ondoren,
ene atentzioa Erroma,
Errusia edo Espainiako politikan?
Oraindik hemen dago
Ondo mintzo den gizon jakintsu eta bidaiaria,
eta han dago
hainbeste irakurri eta pentsatzen duen politikoa,
eta seguruasko egia da
gudari eta gerla alarmei buruz diotena,
baina, ai, ainendi berriz gaztea
Eta aineza neskatila hori besoetan!
IRLANDAR ABIADOREAK BERE HERIOTZA IGARRI DU
Badakit ene fatua aurkituko dudala
han goian, hodeien artean;
ez diet erasotzen ditudanei gorroto,
ez ditut defendatzen ditudanak maite;
Kiltartan Cross da ene herrialdea
Kiltartan aldeko pobreak dira ene herkideak,
ene heriotzaren abisuak ez die haiei deus kenduko,
Ez die lehen baino zorion gehiago emango.
Ez ninduen borroka honetara bultzatu
ez legeak ez eginbideak,
ez gizon publikoek, ez populuaren zaratak,
atsegin joera bakarti batek ekarri ninduen
hodei arteko iskanbila honetara;
balantzan ipini nuen guzia, bere garrantzia kalkulatu,
etortzear zeuden urteak arnasa hutsala ziren,
arnasa hutsala ziren joandako urteak.
Bizitza honekiko balantzan, heriotz hau.
W.B. YEATS
Poema hau W.H Auden inglesarena da, hil baino guti lehenago idatzia. Luchino
Visconti zinegileak, ia gaisorik zegoela, bere gelan eskegirik omen zuen eta
beraxe errezita erazi zion bere azken filmeko ( Gruppo di Famiglia in un Interno,
1974) pertsonai bati, italieraz:
Se un`attraente forma vedrai
dalle caccia.
e abbracciala, se puoi,
sia assa una ragazza o un ragazzo
sensa vergogna, ma da sfrontato, da bravo,
la vita č breve, cogli dunque
qualquiasi contatto la tua carne
al momentio muova.
Non c`č vita sessuale nella tomba
FORMA FIN BAT IKUS DEZAZUNEAN
Forma fin bat ikus dezazunean
harrapa ezazu
eta ahal baduzu besarka ezazu,
neskatila dela edo mutikoa bada ere,
ez zaitez lotsatia izan, izan zaitez ausarta, alaia,
bizitza laburra da, goza ezazu
zure haragiaren ukiduraz
laket zaizun momentuan.
Ez dago larrua jotzerik hilobian.
GALDETU EGIN DIZU
Galdetu egin dizu neskatila batek: zer da poesia?
Erantzun diozu: Zu bizitzea, bai, zu bizi zarela.
Eta nik bildurrez eta liluraz,
mirariaren lekuko,
zure edertasunaren osoa minez irrikatzen dudala,
eta ezin dizudala mosurik eman, ez zurekin oheratu,
eta deusere ez daukadala, eta deus eman ez dezakeenak
ezin dezakeela kantatu besterik egin…
Baina ez diozu esan, isildu egin zara
eta berak ez du kantu hau entzun…
VLADIMIR HOLAN
HARO MODERNOAK
Haro modernoetan bizi omen gara
mila bederatzirehun eta hainbestegarren
urte zibilizatuan,
baina ingurura begiratuez gero
tortura eta hipokresia aurkitzen dut.
Haro moderno hauetan hil egiten dira haurrak,
gosez hiltzen dira, zergatia ez du
inork galdetzen,
eta izuturik, biluzik, korrika doaz neskatilak
beren oheak gauez bonbardeatu dituztelako.
Diktadore lodiak beren tronoetan eseri dira
gazte askok gurasoen hezurrak
ehorzten dituzten artean,
eta ilunbetako polizia sekretuek norbait
elektrokutatuko dute, populua esnatu orduko.
Burokratek, espekuladoreek eta lehendakariek
beren masailetan irribarreak
eskegitzen dituzten artean
preso bakartiak bere hobiaren sakonetik oihukatuko
eta andereren batek
geroko gizagaisoa erdituko du nonbait.
BOBBY SANDS
Grekoei ile horaileko andereak gustatzen omen zitzaizkien gehien. Horregatik
beltzaranaren aldeko apologia hori ikatzaren imajinarekin. William Shakespearek
ere, bere sonetoetan, laudorio berberak ekarriko zituen poesia inglesera.
DIDIMAREN LOREAK
Didimaren loreak, ai, seduzitu ninduen eta bere edertasuna
begiratuaz urtzen naiz, argizaria sugarrean bezala.
beltzarana da, eta zer? Ikatza ere beltza, eta izekiez
gero larrosaren lorea baino argitsuagoa da.
[Esperientzia pertsonalean oinarrituriko broma bat da. Euskal Herritik heldutako egunkari-anuntzio batzuetan bbk irakurri eta enigma bat egin zitzaidan, zer ote zen bbk hori. Euskaldunek arkano eta kriptograma asko erabiltzen duzue, ez zarete nik utzi zintuztedanean bezain jende tolesgabe eta arrunta. Propaganda ere apur bat arraroa egiten duzue batzuetan, eta horixe ba, bbk zeren sigla ote zen, eta bihotz bakartien klubarena otu zitzaidan]
Joseba Sarrionandia